Bilboko Berreginen Museoak 'Plazaren bihotzean. El tesoro de San Francisco' erakusketa aurkeztu du

uriola.eus 2018ko aza. 16a, 09:16

Bi egoitzatan erakutsiko da, estreinako aldiz. Batetik, Mariaren Bihotza plazako Aztarnategian, Bilboko San Frantzisko auzoan. Berreginen Museoan bertan erakutsiko dira aztarnategia induskatzeko lanetan aurkitu diren zenbait objektu.

Alfontso printzearen kuartelaren (1861-1929) aztarnak erakutsiko dira. Indusketa-lanei esker, kuartelaren atzealdea ikusteko aukera izango dugu, eta argitara aterako dira, orobat, eraikin erantsien parte ziren zenbait egitura, gaur egun Mirasol Kondearen kalera ematen dutenak. Azpimarragarria da kuarteleko putzua; Komentuko Klaustro zaharraren erdian dago, gutxi gorabehera. Kuartela zen haren jabe, ez monastegia, baina, seguru asko, kuartelaren lehen urteetan eraiki zuten, eta, litekeena da, militarrek, ahal zen heinean, aurrez fraileek egindako zulaketa baliatu izana.

Plazaren bihotzean. El tesoro de San Francisco erakusketan, gainera, gertutik ikusiko ditugu aztarnategian aurkitu diren zenbait aztarna arkitektoniko. Adibidez, aldi baterako erakusketan erakutsiko dira bere garaian klaustroa eta eliza apaintzeko erabilitako harlanduak. Besteak beste, halakoak erakutsiko dira: kapitelak, letra gotikoen inskripzioak gordetzen dituzten aztarna epigrafikoak (adibidez, pieza bateko inskripzioan hauxe jartzen du: “…MUR…T…”), eta urre eta pigmentu gorrien arrastoak gorde dituzten adreiluak eta bestelako dekorazio-elementuak. 

Azkenik, hirugarrendarren aretoa ikusteko aukera izango da, Frantziskotarren Hirugarrendarren Ordenako kideen aretoa, zeina 1614an sortu baitzen komentuan. Ikusgai daude, orobat, atezaindegia eta simaurtegia. Plazaren bihotzean. El tesoro de San Francisco: horra hor bere garaian Bilboko eta Bizkaiko toki guztiz enblematiko bat izandakoaren isla. Horra hor hainbat urtez ezkutuan egondako aztarnategia ezagutzeko aukera, bisitarien eskura.