Etxebarrieta Memoria Elkarteak hainbat ekimen antolatu ditu 2019rako, Bilboko eragile eta adituekin elkarlanean. Ekintzak martxoaren 5ean hasi eta uztailaren 14an bukatuko dira, Poliziak 1981ean eraildako Ovidio Ferreirari egindako omenaldiarekin.
Martxoaren 5ean, emakumearen nazioarteko egunaren testuinguruan, Oiane Valero historialariak euskal emakume langilearen bilakaera historikoari buruzko hitzaldia emango du La Bolsan, IPESen laguntzarekin. Apirilaren 9an, Pedro Zuberogoitia historialari eta euskaltzaleak euskarak XX. mendean zehar Bilbon izandako eboluzioa azalduko du Bira kulturgunean. Euskararekin jarraiki, elkarteko kideek hizkuntzak Alde Zaharrean izandako bilakaera azalduko dute bisita gidatu batean.
Maitzaren 24an, Hektor Ortega historialariak euskal probintzien eta Gaztelaren arteko aduanak kostaldera lekualdatu zituen errege dekretuak eragindako matxinada herrikoiaren nondik norakoak emango ditu beste bisita gidatu batean. Hirugarren eta azken bisita gidatua -”Faxistak sartu ziren”, alegia- ekainaren 15ean izango da, frankismoan zehar eutsi zuten alde zaharreko auzokideak omenduko dituena.
Etxebarrieta Memoria Elkartea 2018. urtean sortu zen, Txabi Etxebarrietaren erailketaren 50. urteurrenaren harira. Pasa den urtean ere hainbat ekimen antolatu zituzten.