Unai Mendiburuk irabazi du Bertso Erronda

uriola.eus 2019ko mar. 1a, 09:55
Iturria: Asier Robles

Bederatzi bertsolari lehiatu ziren 7katu gaztetxeko finalean.

Unai Mendiburu izan da Bertso Errondako aurtengo garailea. Bederatzi bertsolarik hartu zuten parte 7katun atzo ospatutako finalean. Ane Peñagarikano, hamargarren klasifikatua, ezin izan zen gerturatu gaixotu egin zelako.

Heriotza izan zen saioaren muina: aurkezleak harekin lotutako jantziekin mozorrotu ziren, eta norgehiagokak ariketarik ariketa bizirik irautean zetzan, finalista bakarra -irabazlea- “bizirik” geratu arte. Ariketak eurak ere berritzaileak izan ziren: hasteko, errima errepikatu gabe kantatu behar izan zuten; ondoren, hainbat pertsona belarrira hitz egiten ari zitzaiela bertsotan aritu behar izan ziren; beste batean, 'eta', 'baina', 'bai' eta 'ez' hitzak erabiltzea debekatu zieten. Ofizioak eta 'nor da nor' izan ziren hurrengoko ariketak eta, azkenik, Ander Anakabe eta Unai Mendiburu buruz burukoan aritu ziren, kartzelakoa komunean eserita egiten.

7katu gaztetxeak bolada batez itxi beharko du, obrak medio. Atzoko finalaren ondoren, larunbatean gaztetxea itxita egongo zela iragarri zuten, “arazo teknikoak” argudiatuz. Azken ekintzetako bat izan den honetan, bertsozaleek leporaino bete zuten aratusteetarako propio hornituriko gaztetxea.