Fritanga Elektrotxaranga taldeak jende dezente batu zuen atzoko kalejiran. 20:00ak pasata hasi eta 22:20 inguruan bukatu zen ikuskizuna. Hamar minutu geroago, Itzalak taldearen txanda izan zen Plaza Barriko karpan.
Alde Zaharreko hainbat zoko antzeztoki bihurtu zituen Fritanga Elektrotxarangak. Lauzpabost abesti kantatu eta, soinu aparatuak bultzatuz, ondorengora lekualdatzen ziren. Hurbildutakoek mozorrotutako musikariak inguratzen zituzten eta, haiei utzitako leku estuan, saltoka eta oihuka ziharduten, bi abeslariek xaxatuta. Hainbat auzokide, behetik zetorkien zaratak bultzatuta, leihoetara atera ziren. Behin ekitaldia bukatuta, taldeak musika aparatuak Plaza Barriraino bultzatu zituen. Han, Itzalak-en kontzertua hastear zegoen.
Aratusteek diraute. Gaur, 19:00etan, Farolin eta Zaranbolasen epaiketa izango da, Udaletxetik hasi eta Plaza Barriko karpan bukatuta. Aratusteetako ekitaldirik esanguratsuena izaten da. Bihar, berriro ere, egun handia izango da eta, larunbatean, eguerditik hasita arratsaldera arte egongo dira ekitaldiak. Goizean, umeentzako puzgarriak eta tailerrak egongo dira Zabalgune plazan, eta, arratsaldeko 16:00etan, aratusteetako kalejira eta mozorro lehiaketa hasiko da Plaza Biribilean.