Bihar hasiko da Bilboko V. Bakailao Pintxo Lehiaketa

uriola.eus 2019ko mar. 14a, 12:12

Martxoaren 31ra arte, Zazpikaleetako 24 ostalaritza lokal lehiatuko dira epaimahaikide espezializatuen eta bezeroen botoak lortzeko.

Bilboko V. Bakailao Pintxo Lehiaketa martxoaren 15ean hasi eta 31ra arte luzatuko da. Guztira, Zazpikaleetako 24 ostalaritza lokalek -tabernak, kafetegik eta jatetxek- parte hartuko dute norgehiagokan. Bi irabazle egongo dira: lehenengoa epaimahai espezializatu batek erabakiko du, eta, bigarrena, “publikoaren saria”, bezeroen esku egongo da.

Parte hartzea sustatzeko, 100 euroko hiru Kutxabank Opari Txartel zozketatuko dira boto emaileen artean, Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteko lokaletan erabiltzeko. Elkarteko presidente Unai Aizpuruk “Bilbon eta, bereziki, Zazpikaleetan bakailao tradizio handia” dagoela azpimarratu du eta, hortaz, “bezeroek iritzi oso osatua” dutela. Lehiaketaren bosgarren edizio hau, gainera, berezia da, aurten elkarteak mende erdia ospatzen duelako.

Aurrekoetan lez, sukaldaritza tradizionala eta fusioaren uztarketa emango da Zazpikaleetako sukaldeetan.