'MugiDa!' jardunaldia ospatuko da larunbat honetan Bilboko Alde Zaharrean. EH Bilduk antolatutako ekintzak hiru guneetan banatuta egongo dira: Plaza Berria, Areatza eta 'Kalea'. Plaza Berrian, Jose Luis Elkorri eta 1977ko alkateen mugimenduari omenaldia egingo diote eguerdian.
Areatzan, 11:00tatik aurrera, tailerrak, animazioa, musika emanaldiak, munduko dantzariak eta euskal food trucks-ak egongo dira. 11:30ean, umeentzako tailerrak eta animazioa egongo dira, 11:30etik 17:00etara helduentzako tailerrak eta 12:00etatik 16:30era Catalunyako calçotada eta ardo porroiak; 13:30ean Txiki Goloka taldeari jarraitu ahal izango zaio kalejiran, 13:30ean Haritz Hostoa Abesbatzak eta Havana 537 taldeak joko dute, besteak beste, eta 17:30ean Manifestazio-kalejira abiatuko da, Arnaldo Otegiren ekitaldiarekin bukatuko dena.
Zazpikaleetan zehar ere hainbat ekintzetan parte hartu ahal izango da. 12:00etan, 'Africa United' kamiseta solidarioak salduko dira Gurutz kalean; 13:00etatik 15:00etara, balkoi eta kale emanaldiak ikusi ahal izango dira; Bira tabernak 'Marianito Feminista' monologoa hartuko du 15:30ean eta (H)aktibismo tailerra 16:15ean; bukatzeko, 23:30ean Yogurina Borovak kontzertua emango du Kukusoak tabernan.