Irakurri duten Komunikatuaren zati bat:
Bilbo gero eta hiri bizigaitzagoa da, merkataritza zentroa dirudien hiria, turista- kontsumitzailearen behar eta interesei begira eraikitako hiria .Hau egunero antzeman daiteke gure auzoetan: luxuzko hotel berriak eta komertzio konkretu batzuen monokultiboa – turistifikazioaren sintoma–; haien burua ixtera behartuta ikusten duten komertzio txikiak eta haien auzoetatik alde egitera derrigortutako biztanle historikoak –gentrifikazioaren sintoma–; espazio publikoaren merkantilizazio gero eta bortitzagoa, etab.
Alde Zaharra aipatutako guzti honen adibide argia da. Azken urteotan gure auzoa jasaten ari den eraldaketa –edo gainbehera– auzokide gehienok, eta desjabetuenek batez ere, gure egunerokotasunean era argian antzeman ahal izan dugu. PNV-k instituzioetatik enpresa pribatu konkretu batzuekin elkarlanean bultzatu duen Euskadi - Basque Country estrategiaren biktima ari gara izaten.
Haien turismo-estrategiaren biktima ari gara izaten. Hotel gero eta ugariagoek, Airbnb-k ,etab.ek auzoko alokairuen igoera itogarria eragin, eta alde egitera behartzen gaituzte; frankizia multinazionalen inbasioa ,betiko komertzioak–hurbilak, kalitatezkoak, gizatiarrak– ixtera behartu, eta kontsumo eredu konkretu bat inposatzen ari da (inpertsonala, garestiagoa eta urrunekoa); gure auzoak museizatzeko nahiak, hauen baitan ematen diren nortasun anitzak homogeneizatu, eta nortasun bakar hori merkataritza interesei begira jartzea eragitendu. Gainera, turismoa ardatz duen eredu ekonomiko hau langileok prekarietatera kondenatzen gaitu (lan tenporala, askotan kontraturik gabekoa, makro-ebentuekiko dependentea, etab.).