Alde Zaharra ekitaldiz beteta

uriola.eus 2019ko mai. 16a, 11:34

Bihar, Bilboko Zazpikaleetan auzolanean aritzeko hainbat proposamen daude. Izan ere, egun berdinean, eta ia ordu berean, aurkezpenak, hitzaldiak eta asanbladak antolatu dituzte. 

Agendako abiapuntua Santiago Plazan izango da. Bertan, arratsaldeko 18:30ean Zaharrean Berri eguna aurkeztuko dute. Alde Zaharrean aurten sortu den jai batzordeak egun horretarako prestatu duen egitaraua aurkeztuko du. Jai eguna ekainaren 1ean izango da, larunbata, eta bihar emango dute egongo den guztiaren berri.

Bukatzean, beste hiru ekitaldi hasiko dira batera. Horrez gain, horietariko bik leku berdinean topo egingo dute. Arratsaldeko 19:00etan, La Bolsa eraikinean Gure Esku Dagok Bilbon antolatu dituen hitzaldietako azkenengo saioa egingo du. Bertan, Iker Bizkarguenaga kazetariarekin Zelai Nikolas eta Alex Zenarruzabeitia egongo dira solasean.

Ordu berean, eta toki berean, G7aren aurkako asanblada irekia antolatu dute. Talde honek edukiko duen hurrengo bilera Biarritzen izango da, uda honetan. Horren aurka azaltzeko egin daitezkeen ekintzei buruz hitz egiteko, bilera ireki eta parte-hartzaile bat antolatu dute ideiak biltzeko.

Azkenik, 19:00etan ere, Zirika gunean Palestinar errefuxiatuei buruzko hitzaldia antolatu dute. Gaur, Nakba Eguna, elkarretaratzea egingo dute Alde Zaharreko NYX hotel berriaren aurrean Palestinako herriari babesa adierazteko. Bihar, berriz, hitzaldi bat antolatuko dute kanpoan bizi diren Palestinarren egoera azaltzeko.