Alde Zaharrean bizitzeko aldarria

uriola.eus 2019ko eka. 11a, 17:03
Argazkia: SOS Alde Zaharra

SOS Alde Zaharrak ekainaren 20an manifestaziora deitu ditu auzokideak “auzoan lan egin eta bizi” nahi dutelako.

SOS Alde Zaharrak ekainaren 20an, osteguna, egingo duen manifestazioa iragartzeko prentsaurrekoa eman du gaur. "Auzoan bizi nahi dugu!" lelopean ibilbide (ez)turistikoa egingo dute Zamudioko Portaletik abiatuta. Bilboko turismo- eta hiri-eredua salatu dituzte, bizilagunentzat "guztiz kaltegarriak" direlako eta ez dutelako haien iritzia eta ongizatea kontuan hartzen.

Jarraian SOS Alde Zaharraren adierazpen osoa:

Azken aldian Alde Zaharrean hainbat aldaketa jasan ditugu instituzioek diseinatutako hiri-ereduaren ondorio direnak: aldaketa sozio-ekonomikoak, urbanistikoak, azken finean, aldaketak bertan bizi garenon bizitzetan. Izan ere, badira urte batzuk Alde Zaharrak auzokideontzako leku izateari utzi eta zentro-komertzial bihurtu dela; Komertzianteen Elkarteak dioen bezala “Kantaurialdeko zentro-komertzial handiena”. Baina inork ere ez du neurtu dirua baizik bilatzen ez duten politika hauek zelan eragingo duten auzotarron bizi-kalitatean. Inork ere ez digu galdetu auzokideek zer deritzogun edo zein proposamen daukagun guk gure auzoarentzat.

Betiko denda eta jatetxeak frankiziek, transnazionalek eta souvenir dendek ordezkatu dituzte; alokairuen kontrolik gabeko igoeraren ondorioz, lonjen prezioak ordaindu ditzaketen bakar horiek hain zuzen ere. Kaleak eta plazak terrazaz bete dira, espazio publikoa pribatizatuz eta auzokideon joan-etorria oztopatuz. Gure etxebizitzak pisu turistikoz betetzen ari dira, eta orain arte zeudenekin nahikoa ez, eta hotel gehiago zabaltzen jarraitzen dute… Turismo-eredu honen aldeko politiken ondorioak baina, guztiz kaltegarriak dira auzotarrontzako; izan ere, “boom” honek eragin zuzena dauka etxeen alokairuen prezioen igoeran.

Alde Zaharra turisten beharrak asetzera bideratutako parke tematiko bihurtzen ari dira. Turismoa ardatz duen hiru-eredu hau gelditu ezean, Alde Zaharrean kontsumorako eskaintza asko izango ditugu, baina biztanle bat bera ere ez.

Hala ere, oraindik prozesu hau geldiarazteko garaiz gaude. Hori dela eta, bai auzokideak bai Zazpi Kaletako hainbat kolektibo batu egin gara ekainaren 20an egingo dugun mobilizazioa prestatzeko. Ozen adierazi nahi dugu multinazional, frankizia eta kateen eskuetan dagoen auzo baten aurrean, guk komertzio txiki, lokal eta hurbileko auzoa nahi dugula. Kontsumo eta turismora bideratutako auzo baten aurrean, guk bertoko biztanleen beharrak aseko dituen auzoa nahi dugula. Kanpora begiratu beharrean, barrura begiratuko duen Alde Zaharra nahi dugu; irabazi ekonomikoak sortu beharrean, bere auzokideen ongizatea helburu duen Alde Zaharra nahi dugu.

Beraz, ekainaren 20an, arratsaldeko 19:00etan Portal de Zamudiotik abiatuko den ibilbide (ez)turistikora gonbidatu nahi zaituztegu. Ez ahaztu turistaz jantzita etortzea! 

GURE AUZOAN BIZI NAHI DUGU!

SOS ALDE ZAHARRA