Anna Campbell Gune Askea ilegalki hustu dutela salatu dute

uriola.eus 2019ko ira. 12a, 09:33

Astearte goizean Bilbo Zaharrean dagoen lokalaren sarraila aldatuta eta “jabearen morroi talde bat” barruan itxita aurkitu zuten bertako kideek. Okupazioagatik salaketarik ez dagoela gogorarazi dute eta jabearen “espekulatzaile” eta “mafioso” izaera seinalatu.

Iragan uztailaren 29an Bilbo Zaharreko ibaiertzean dagoen lokal bat okupatu zuen auzokide talde batek. Hiriko langile klasearentzat “borroka tresna” eta “herri-kolektiboentzat topagune” izateko asmoa zuen Anna Campbell izenez ezagututako guneak. Bilboko turistifikazio eta gentrifikazio prozesuen baitan, “eredu neoliberal eta prekarioari aurre egiteko” okupazioa erreminta gisa aldarrikatu zuten bertako kideek. Anna Campbell izena 2018an Afrinen (Rojava) eraildako borrokalari internazionalistaren omenez jarri zioten.

Irailaren 10eko goizean Gune Askeko sarraila aldatuta eta eta “morroi talde bat” barruan aurkitu zuten. Salatu dutenaren arabera, aurreko gauean erradial bat erabiliz sartu omen ziren eta barruko materiala zakarrera bota zuten.

Asanbladako kideek argi dute ekintza lokalaren jabeak antolatu duela, “praktika mafiosoak lehenetsiz” eta “sosik ez duten prekarioen lanaz eta aurpegiaz baliatuz”. Utzaraztea guztiz ilegala dela gogorarazi dute, eta gaurkoz ez dagoela okupazioaren aurkako salaketarik. Hortaz, lokalaren jabearen espekulatzaile papera seinalatu dute, “auzoak jasaten duen gentrifikazioaren testuinguruan”.

Jarraian Anna Campbell Gune Askeko asanbladak zabaldutako oharra:

 

[2019-07-29] Anna Campbell Gune Askea sortu dute Bilbon