San Frantziskoko jaiak ate-joka!

uriola.eus 2019ko urr. 3a, 13:25
Kalejira San Frantziskon

Urriaren 5ean auzoak jaiak hasiko ditu. Egun osoko egitaraua prestatu du San Frantziskoko Jai Batzordeak larunbaterako eta sasoi onean daudenentzat gorde du igande goiza.

Ate joka daude San Frantziskoko jaiak. Larunbatean hasiko dira eta San Fran Jai Batzordeak ekintzez betetako asteburua prestatu du. Behar bezala hasteko, tortilla txapelketa, umeentzako jolasak edota bermuta Yogurina Borovarekin izango dira larunbat goizean. Maiatzaren 2ko merkatua dela-eta, txistularien kalejira handik abiatuko da Mariaren Bihotzaren plazaraino. Arratsaldez, Las fiestas del 92 dokumentala jarriko dute bertan eta, parrilada aurretik, dantzen txanda izango da tripa-zorriak eragiteko. Iluntzean, musikarako tartea izango da: 20:00etan Astros de Mendoza mexikarrek Martzanan joko dute eta 21:00etan Sanfran Urban jaialdiaren laugarren edizioa izango da plazan. Aurten lau talde arituko dira taula gainean: Lion Sitté, Salda Dago, Aire Flamenco eta Follow The Party. 

Igandean kirola eta dantza 

Biharamunean, indarra duenak XVIII. Herri Krosan parte-hartzeko aukera izango du edo, dantza gehiago egiteko gogoz geratu bada, eguerdian gorputza astindu dezake Martzanan Swind Side Bilboren eskutik.