Zazpi Katu Gaztetxearen 13. urteurrena ospatuko dute datorren astelehenetik aurrera

uriola.eus 2020ko urt. 24a, 11:42

Urtarrilaren 27tik otsailaren 2ra bitartean ospatuko du Alde Zaharreko Zazpi Katu Gaztetxeak 13. urteurrena. "Badun hamairu!' lelopean ekintza ezberdinez beteriko astea egingo dute, mahainguruak, kontzertuak, umeentzako jolasak eta bertso saioa antolatu dituzte besteak beste.

Lan, pentsio eta bizitza duinen inguruko mahai inguruak emango dio hasiera aste oso bateko ospakizunari, mugimendu feministaren, gazte, pentsiodun eta ikasle mugimenduko kideen parte hartzearekin. Asteazkenean ordea, Ekainak 28ko koordinadorak "Fuego amigo" antikapitalismoan transmaribibollo hausnarketen inguruko hitzaldia eskainiko du, arratsaldeko 19:00etan.

Asteburuan barrena, ostiral arratsaldean umeen jolasak egongo dira Plaza Berrian. Jarraian 7Katutik hasiko den ginkana egingo dute eta ostean, Leihotikan, Uki Selektah eta Orbelak taldeek gaztetxean joko dute gaueko 21:00etatik aurrera.

Larunbata izango da 13. urteurren honetako egun nagusia, eguna, auzo apainketa, triki poteoa eta bazkariarekin hasi eta arratsaldez poteo musikatuarekin eta Amooma, Suaia eta Ama Rebel eta Trikoma taldeekin amaituko da. Bazkalostea 'My Bastard Friend' taldeak girotuko du.Bazkariko tiketak Errondabide eta Adaxka tabernetan salgai daude dagoeneko, 6 eurotan.

Urteurrenari amaiera emateko, igandeko bertso saioa arratsaldeko 18:30ean hasiko da, Oihana Bartra, Uxue Alberdi, Joanes Illarregi eta Ane Labakaren eskutik.