Pisu eta logela turistikoek Alde Zaharrean duten eragina salatu du SOS Alde Zaharrak

uriola.eus 2020ko ots. 26a, 13:09

Azkeen urteetan Bilboko Alde Zaharrean ematen ari den turistifikazio prozesuak auzokideengan eragin handia izan duela adierazi du gaur eragileak. Izan ere, auzoan bizi, lan, jolastu edota lo egitea "luxu bilakatzen ari da".

Auzoko bizilagunez osatutako eragilea da SOS Alde Zaharra, auzo bizitza duina eraikitzea helburu duena. Gaur goizean egindako agerraldian turisitifikazio prozesuak ekarritako hainbat ondorio azaleratu dituzte, baita ondorio horiek zuzenean pairatu eta etxea uztera behartuak sentitu diren bi auzokideen testigantza aurkeztu ere. 

Eragileak salatu duenez, pisu eta logela turistikoen areagotzeak alokairuen prezioen gorakada "jasangaitza" ekarri du. Gainera, alokatzeko eskuragarri dauden etxe gehienak turismoari begirako negozioetan bilakatzen ari direla argitu eta horrek auzokideentzako aukerak guztiz gutxitzen dituela azpimarratu nahi izan dute. 

Horrez gain, turismoari lotutako plataforma desberdinen bitartez modu ilegalean alokatutako etxebizitzen presentzia handitzeak auzora "ondorio latzak" dakartzala azaldu dute, bada azaldu dutenaren arabera, geroz eta entzunagoak dira "ingurukoen atseden eza, etxebizitzen espekulazioa eta gazteen emantzipazio arazoak". 

Honi guztiari Eider Palmou Alde Zaharreko auzokidearen egoera gehitu diote. Eiderrek berak azaldu duenez, duela 16 urte heldu den auzora bizitzera eta 2018an bere atarian ilegala zen pisu turistiko bat zegoela ohartu zen. "Zelan jakin genuen? Ba, gehienoi gertatu zaigun bezala, hau da, astebururo jende berria, pertsona ezezagunen mugimendu asko, jaiak eskaileratan, etengabeko iskanbilak eta abar." 

Egoerari aurre egiteko asmoz, Eusko Jaurlaritzako turismo sailean zein Bilboko Hirigintza sailean salaketa jarri zuela baina ez duela inolako erantzunik jaso azaldu du: "Gaur, 2020ko otsailaren 26an, oraindik ez dut erantzunik jaso."

Orain, egoerari aurre egitea lortu ezinik, etxea saltzea erabaki du, "Ni banoa, baina joatera bultzatu naute, ez dut nahi egunero etengabe borrokan ibili lasai bizitzeko, ez dut nahi egunero liskarretan eta munizipalei deika egon (ezertarako balio ez duena, bide batez), ez dut nahi Erriberako merkatuan egindako jaiek nire loa izorratzea (aurrekoan lau gau lo egin barik eta protestan gaudela zer eta polizia gure kontra bidali)."