“Turisten eskubideak ezin dira egon bertan bizi direnen eskubideen gainetik”

uriola.eus 2020ko mar. 11a, 21:45

Aspaldi etorri zen Eider Palmou Bilboko Alde Zaharrera bizitzera, auzoko herri izaerak eta hainbat beharrek erakarrita. Orain, denbora luzez inguruko alokairu ilegalen ondorioak pairatu ostean, etxea saldu eta herrira bueltatzea erabaki du.

Azken bost urte hauetan Bilboko Alde Zaharrean egon den aldaketa, izugarritzat jo du Eiderrek. “Orain arte, auzoan denda bereziak izan ditugu, beste denda batzuetan topatzen ez zenituen produktuak saltzen ziren, produktu bitxiak erosteko aukera zegoen...” lokal txikien alokairuen igoerak denda horiek ixtera behartu eta, egun, multinazionalek eskuratutako guneak dira.  “Orain, Alde Zaharrean erosten duguna, edozein merkatal zentrotan topatu daiteke” dio.

Auzoko kaleetan gertatzen ari den aldaketa nabariaz gain, Eiderreri turismoak Bilbon izan duen gorakada bete betean bizitzea suertatu zaio. Bost etxebizitza dituen eraikin batean bizi izan da urte guzti hauetan. “Esku bakarreko ataria da gurea, bost familia bizi izan gara beti”. Duela bi, 2018an, atari berean ilegalki alokatzen zen pisu bat zegoela baieztatu zuen. “Astebururo jende berria, pertsona ezezagunen mugimendu asko, etengabeko iskanbilak...” Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailean eta Bilboko Hirigintza sailean egoera salatu arren, joan den otsailaren 28ra arte ez du Udalaren partetik inongo erantzunik izan.  

Eiderren atarian dagoen etxebizitza hori egun legalki alokatuta dago. Hala ere, logela eta pisu turistikoek gorakada handia izan dutela frogatu ahal izan du bere etxea salgai jarri duenean. "Gure etxeko buzoietan higiezinen agentzien publizitate pila jasotzen dugu, gure etxebizitzak erosteko asmoa dutenak. Negozio "biribil" bilakatu da beraz, jende askorentzako pisuak erosi eta ostera alokatzea, "Alde Zaharrean bizitzeko baizik; Alde Zaharrean negozioa egiteko" argitu du auzokideak.

SOS Alde Zaharra eragilearen aldetik babes handia jaso du Palmouk, izan ere, kolektiboak denbora luze darama auzoko egoera salatzen. Auzo-bizitza duin bat eraikitzea helburu, asko dira gentrifikazio prozesuaren aurka egindako ekimenak.

Gentrifikazioaren inguruan hausnartzeko lehenengo jardunaldiak

Hartara, martxoaren 14an eta 15ean gentrifikazioaren inguruan hausnartzeko lehenengo jardunaldiak antolatu dituzte Solokoetxen. Alde batetik, jardunaldietan parte hartuko duen jendeari formazio minimoa eskaintzea eta, bestetik, beste auzo edota hiri batzuetako esperientziak elkarbanatzea helburuz.

Egitarauari dagokionez, Imanol Esnaola eta Andoni Egia izango dira larunbat goizeko hizlariak. Eguerditik aurrera, Madrileko Lavapies auzotik eta Bartzelonako Barceloneta eta Raval auzoetatik etorritako kideek auzo hauetan gertatzen ari den turistifikazio zein gentrifikazioaren eragina aztertuko dute. Arratsaldean, ordea, "auzoaren ezagutza" eta "auzo borroka" tailer bana eskainiko dituzte.

Jardunaldiei amaiera emateko, Solokoetxetik Ekoetxera lekualdatuko dute jarduera. Bertan, Alde Zaharreko hainbat eragilerekin, "Kafeta eragileekin" antolatu dute, auzoan nola jardun hausnartzeko.