Duela aste batzuk COVID-19aren inguruko albisteak entzuten hasi ginenetik, abiadura bizian aldatuz joan da egoera astero, eta zaila egiten da zehazten noiz arte luzatu daiteken alarma egoera. Argi dagoena da, hilabetetan zehar nabarituko dela krisiaren eragina, eta gauzek “normaltasunera” itzultzeko beharko duten denbora berrogeialdiaren amaiera baino askoz beranduago iritsiko dela. Normaltasun hitza kakotx artean jartzea iruditzen zaigu aproposena, gure ustetan normaltzat hartu ohi den egoera edota krisi honen aurretikoa ez baita normala mundu mailan, eta horrek bere isla dauka gure hirian.
Mundu globalizatu honetan, ondasunek alde batetik bestera kopuru erraldoietan bidaiatzen dute, ekoiztuak izan diren lekutik milaka kilometrotara kontsumituak izateko. Mundu mailan bultzaturiko politika neoliberalen ondorioz, herrialdeak ondasun edo zerbitzu jakin batzuen ekoizpenean espezializatzera bultzatuak ikusten dira, negozio horretan sartzeko abantaila nahikoa badute. Garai batean industria egokitu zitzaion Bilbori, eta gure hiriaren iragan hurbileko izaera industriala ezaguna da bertan bizi garen guztiontzat, oraindik ikus daitezke labe garaien eta untziolen arrastoak inguruan, euren inguruan aldatuz doan paisaiaren testigu. Gaur egun, ordea, badirudi zerbitzuei dagokiela txanda, edo hori esaten digute gutxienez. Izan ere, Bilbok hiri industrial izatetik zerbitzuetara zuzenduriko hiri izatera egin duen ibilbidea eredu desiragarritzat aurkezten da munduan zehar. Eskainitako zerbitzuen artean gero eta garrantzia handiagoa dute turismoaren arlokoek, eta mundu mailan turismoak izan duen gorakada aprobetxatuz, sektore estrategiko bihurtu da Euskal Herrian, tokiko gobernuek zuzenean finantziatua.
Esan bezala, goiz da krisi honen eragina neurtzeko, baina tokian toki aztarna desberdina utziko duela gauza jakina da. Arlo ekonomikoan ere sektore desberdinek eragin desberdinak pairatuko dituzte, eta gurean hainbesteko garrantzia duen turismoa izango da kaltetu nagusienetakoa. Izan ere, turismoaren maila bere onera bueltatzeko ez da soilik beharrezkoa izango bertan birusa gainditzea, baizik eta turisten jatorrizko herrialdeetan ere berdina gertatzea, elkar kutsatze gehiago eman ez dadin. Mundu mailako turismoak luze tardatuko du aurreko maila lortzen, hau ez da pare bat hilabetetan gertatuko agerikoa denez. Turismoak beti mantentzen du besteen egoerarekiko dependentzia. Honen ondorioz, milaka sasoiko lanpostu arrisku egoeran geratzen dira uda honi begira, familia askoren diru sarrerak ziurgabetasun egoeran jarriz.
Zehazki ez dakigun arren zenbat iraun dezaken egoera honek, SOS Alde Zaharretik uste dugu une aproposa dela eredu turistikoaren ahulera eta honek dakartzan ondorio negatiboak baloratzeko, eta beste mota bateko eredu ekonomiko jasangarriago bat irudikatzeko gure auzoetan. Urte pare bat daramatzagu turismoak gure auzoan sortzen dituen ondorioak salatuz; bertako kometzioaren desegitea, espazio publikoa turisten beharrizanetara zuzentzea, etxebizitzen prezioen gorakada… Honi guztiari gehitzen diogu turismoan oinarritutako eredu ekonomiko honekiko zalantza, aurtengo sasoiko lanpostuak zeinen erraz galduko diren ikusita, langile hauentzako inolako babesik gabe. Laburbilduz, hain argia zirudien apustua erraz galdu daitekeela ikusten dugu, turismo masiborik gabeko etorkizun bat inoiz baino errealagoa egiten ari zaigun egunotan. SOS Alde Zaharretik ikusten dugu sektore honetara guztion baliabideak bideratzeari uzteak ondorio positibok ekarriko dizkiola gure auzoari eta gure gizartearen osotasunari.