Musika eta antzerki emanaldiek zein kale eta saltokien dekorazioak osatuko dute uztailetik urrira bitartean 'Munduari bira 7 kaleetan' dinamikaren egitaraua.
Bilboko zazpi kaleetatik irten gabe bisitariei bidaiatzeko aukera ematea du helburu gaur bertan hasi den iniziatibak. Oraingo hilabetean amerikar kontinentean oinarritutako ekintza ezberdinak antolatu dituzte, eta kaleak eta saltokiak dekoratzeaz gain, uztailaren 17an, ostirala, Swingtronic taldeak kontzertua eskainiko du Plaza Barrian. Halaber uztailaren 18an eta 24an zuzeneko musika, dantza tailerrak eta antzerki saioak ere antolatu dituzte.
COVID-19ak eragindako krisialdiak kolokan utzi ditu auzoetako denda eta saltoki txikiak. Kanpaina honek auzoko komertzioa indartzea du helburu nagusi.
Saltokietan erosteko "pasaportea"
Era berean auzoko saltokietan egindako erosketa bakoitzaren truke, bezeroek pasaportean gehitzeko zigilu ezberdinak eskuratuko dituzte, gabonetan egingo den zozketan 1000, 500 eta 200 euroko saria irabazteko aukera ahalbidetuz.