1981eko uztailaren 10ean Barrenkale Barrena kalean, polizia, bi ETAkideren atzetik zihoala, militanteen aurka tiroz oldartu zela gogorarazi du Bilboko Alde Zaharreko Etxebarrieta Memoria Elkarteak. Tiroketa horretan Ovidio Ferreira Martin zauritu zuen poliziak, atari batetik irtetzen ari zenean. Handik lau egunera Basurtuko Ospitalean hil egin zen.
Poliziaren tiroek hil zuten arren, egun ETAko biktimen zerrendetan ageri da Ovidio Ferreira. Egia argitara azaltzea helburu eta "indar polizialen biktima gisa onartua izan dadin" ikerketa eta elkarrizketa lan bat abian jarri du Etxebarrieta Memoria Elkarteak.