"Zapalduon memoria astea" antolatu dute Alde Zaharreko eta Bilbo Zaharreko norbanako ezberdinek

uriola.eus 2020ko urr. 15a, 09:23

Urriaren 19an hasi eta 24an amaituko den dinamika antolatu dute bi auzoetako espazio ezberdinetan.  

Bisita gidatu, proiekzio eta mahainguruen bitartez "gaur egungo errealitatea konfiguratu zuten borrokak ezagutzera emateko eta memoria historikoaren inguruko eztabaida mahaigaineratzeko asmoz" antolatu dute hainbat norbanakok Zapalduon Memoria Astea.

Izan ere, "bizi ditugun garai hauetan, zeinean krisi anitzek planteamendu faxistak berrezartzeko arriskua argi uzten duten, zeinean gutxien daukatenak seinalatuak diren gaitz anitzen erantzuletzat, eta komunikabideek boteretsuen errelatoak hegemonizatzeko instrumentu diren, ixilduak izan diren beste historiak" entzutea inoiz baino beharrezkoagoa bihurtzen ari dela azaldu dute antolatzaileek. 

Hortaz datorren urriaren 19an emango diote hasiera dinamikari, Hektor Ortega historialariak, Gatzaren Matxinada hizpide, osatuko duen ibilbidearekin. Ostean, Memoria Viva dokumentalaren proiekzioa eskainiko dute Biran. Asteartean Oiane Valerok eta Andrea Heuschmidek emakumea eta errepresioa frankismoan gaia landuko dute Solokoetxeko Musika eskolatik abiatuko den ibilbidean. Ondoren, "Prohibido Recordar" dokumentala proiektatuko da Sarean espazioan. 

Pedro Zuberogoitiak irekiko du asteazkeneko egitaraua. Arratsaldeko 17:30ean Etxebarrieta plazatik abiatuko den ibilbidean Euskera Bilboko Alde Zaharrean izango du hizketagai. 19:00etan Zirika Gunean "UNIVERSIDAD BAJO S.O.S.PECHA Represion estatal en Colombia" hitzaldia izango da, Jorge Freytter eta Maria Ruiz Arangurenen eskutik. Egitarauarekin jarraitzeko, ostegunean arratsaldeko 17:30ean beste ibilbide bat egongo da "Bilbo Zaharra Bilboko Hiriburu" izenburupean. Ostera, Iosu Chuecak eta Etxahun Galparsorok "Euskaldunak kontzentrazio esparruetan" hitzaldia eskainiko dute. 

Gauean, "Memorias y Cajones oroimenak tiraderetan" izenburupean Josune Muñozek hainbat kontakizun emango ditu Bilbiko plazan. Azken ibilbidea Etxebarrieta Memoria Elkarteak dinamizatuko du "Izan zirelako gara" lelopean. Dinamikari amaiera emateko asmoz, larunbatean mahaingurua antolatu dute 7katu gaztetxean eta itxierarako manifestazioa eta amaiera ekitaldia ere antolatu dituzte. 

COVID-19a dela eta ekintza askotan edukiera murriztua izango da. Hori dela eta, esteka honetan edo QRren bitartez izena ematea beharrezkoa izango da. 

 Egitarau osoa irakurri dezakezu hemen.