Somera kalearen degradazioa salatu dute asteburuan

uriola.eus 2020ko urr. 27a, 11:45
Somera kalean egindako auzo ekintza

Bihotzean, Zazpi Kaleetako Auzo Elkarteak, eta S.O.S Somera elkarteak antolatuta, gaur egun kaleak pairatzen duen egoera salatu dute asteburuan.

Somerako merkatariak, ostalariak eta auzotarrak bildu dira auzo elkarteak antolatutako salaketa-publikoan. Izan ere, haien esanetan, auzoak “urte parea daramatza pixkanaka degradatzen” eta hauen arabera, erakunde-publikoek ez dute irtenbide kolektibo bat bilatzeko ahalegina egin. Egoera ikusita beraz, haien artean antolatzea erabaki dute.

Halaber, zinegotziekin eta Bilboko alkatearekin batera hainbat bilera egin ondoren, Alde Zaharreko bizilagunak Bihotzean auzo elkartearekin batera antolatzen hasi dira: auzo-lanaz baliatuz kalea duintzeko alternatiba integralak eraiki nahi dituzte.

Horretarako, Somerako auzokideek talde-lanak sortuko dituzte auzoko bizilagun eta merkatari ezberdinekin udalari konponbide kolektibo bat proposatzeko. Gainera, hemendik aurrera auzoa berpizteko hainbat ekintza antolatuko dituzte, besteak beste, aisialdi proposamenak edota erosketetarako laguntzak. Modu horretan, auzoa berreiraiki nahi dute denon artean Somera kale “atsegin, lasai, erakargarri eta bizi” bat bihurtzeko.