"Amildegiak: sorkuntza eta arriskua" jardunaldia hasiko da gaur Bira Kultur Gunean

uriola.eus 2020ko aza. 3a, 11:11

Zetak taldeko Pello Reparaz izango da lehenengo saioko artista gonbidatua. Gaur arratsaldeko 19:30etan. 

Bilboko Alde Zaharreko Erronda kaleko 2. zenbakian kokatuta dagoen Bira Kultur Guneak gaur emango dio hasiera "Amildegiak: sorkuntza eta arriskua" jardunaldiari. Azaroaren 3tik abenduaren 29ra ziklo honetara hurbilduko diren ikusleek sorkuntzaren inguruko gogoeta egiteko aukera izango dute artista ezberdinen eskutik. Bira Kultur Guneko Lutxo Egiak azaldu bezala, jardunaldiaren formatua bikoitza izango da: alde batetik, saio bakoitzaren hasieran elkarrizketa bat egongo da eta ondoren, emanaldia ospatuko da.

Egiaren arabera, "Amildegiak" zikloaren xede nagusia sorkuntza prosezuaren inguruko hausnarketa egitea da. "Jardunaldiaren izenak dioen bezala, abiapuntua sortze orok bere amildegiak dauzkala azaltzea da. Era berean, amildegi guztiak ez dira berdinak, sortzen dugunean ez dugulako berdin arriskatzen. Amiltzearen figura horrekin jokatu nahi izan dugu, orokorrean, gaur egun Euskal Herrian egiten ari garen sorkuntza motaren inguruan hausnartzeko".

Gainera, Egiaren esanetan, garrantzitsua da sorkuntza ororen norabidea zehaztea: "Sorkuntza bera birpentsatu eta zalantzan jarri behar da. Modu horretan, pentsatu behar dugu zer sortzen ari garen, nola, nondik, zein helbururekin… sortzaileak bere buruari behin eta berriro planteatu beharreko zerbait da". 

Galdera horiei erantzuteko, 10 astez, euskal artista ezberdinak  Bira Kultur Gunetik igaroko dira. Edonola ere, aforoa jada beteta dago. "Orain gure aforoa txikia da, beraz, bi formatutan banatu ditugu sarrerak. Alde batetik, 10 saioetara joateko sarrera dago. Honek zentzua ematen dio jardunaldiari, izan ere, ikusleak sorkuntza prosezuaren inguruko hausnarketa osoa jasotzeko aukera du. Beste aldetik, saio bakarrera joateko sarrerak ere saldu ditugu", azaldu du Egiak.

Jardunaldiaren lehenengo saioa gaur arratsaldeko 19:30etan izango da, Zetak taldearen Pello Reparazen eskutik.