Non ikasi duzu euskaraz hitz egiten?
Galdakaoko Helduen Hezkuntzan hasi nintzen euskara ikasten duela bost urte. Bertan, DBH titulua ateratzen nenbilen eta astean bi orduko euskara klaseak nituen. Bi urte beranduago Basauriko euskaltegian izena eman nuen.
Eta nolakoa izan da ikasketa prozesua?
Bai, nahiko zaila izan da, hasieran batez ere. Baina ikasten jarraitzen dut eta gero eta errazagoa egiten zait. Horregatik, ahal dudan guztietan euskaraz hitz egiten saiatzen naiz.
Batez ere, norekin mintzatzen zara euskaraz?
Hasieran Bilboko Alde Zaharreko mintzalagun ekintzetara joaten nintzen euskara praktikatzera. Astero ordubete ibili nintzen euskaraz hitz egiten eta asko ikasi nuen. Gaur egun, gehienbat lagunekin hitz egiten dut.
Aurten aho-bizi bezala Euskaraldian parte-hartzen zabiltza. Zure lehenengo urtea da?
Ez, duela bi urteko Euskaraldian ere parte hartu nuen, Basauriko euskaltegian nenbilenean. Esperientzia polita izan zen eta horregatik aurten ere aho-bizi txapa janztera animatu naiz.
Eta nola zabiltza aho-bizi rolarekin?
Momentuz ondo. Egunero saiatzen naiz euskaraz egiten eta besteek esandakoak ulertzen. Lehen esan bezala, batez ere lagunekin egiten dut euskaraz eta mugikorreko mezuetatik ere euskaraz idazten dut. Gainera, lehenengo hitza beti euskaraz egiten ahalegintzen naiz.
Zailtasunik eduki duzu?
Ez da erreza beti euskaraz egitea. Jende askok ez daki edo nahiz eta jakin, ez du euskara erabili nahi. Beste kasu batzuetan, ez dira oso seguru sentitzen eta gaztelerara jotzen dute. Beraz, pertsonaren arabera euskaraz gehiago edo gutxiago egin dezaket.
Hurrengo urteetako Euskaraldietan parte-hartzeko asmorik daukazu?
Bai, noski. Hemen bizitzen jarraitzen badut beti parte-hartzen ahaleginduko naiz. Euskaraz hitz egitea asko gustatzen zait eta ahal dudan guztietan erabiltzen dut apurka-apurka nire maila hobetzeko.