Hauek dira urtarrilean Bira Kultur Gunean aurkituko dituzun ekitaldiak

uriola.eus 2021eko urtarrilaren 14a

Hilero bezala, Bilboko Alde Zaharreko Erronda kalean kokatuta dagoen Bira Kultur Guneak agenda oparoa aurkeztu du. 

Urtarrilaren 15ean, ostirala, arratsaldeko 19:00etan Mikel Reparazek, idazle eta EITBko berriemaileak, "Las grietas de America" liburuaren aurkezpena egingo du. Igandean ordea, eguerdiko 13:00etan MICE taldearen kontzertua egongo da. Kasu honetan kontzerturako beharrezkoa izango da lehenbizi tokia erreserbatzea, helbide elektroniko bat bidalita. Sarreraren prezioa 5€koa izango da. 

Datorren astean, Itxaro Bordak eta Ibon Rodriguezek, Amildegiak jardunaldien baitan elkarrizketa izango dute Ane Zabalarekin, asteartean arratsaldeko 18:30ean. Sarreraren prezioa 3€koa izango da eta tokia erreserbatzea beharrezkoa izango da, lehen aipatutako era berdinean. 

Azkenik, urtarrilaren 24an, igandea, 13:00etan Gaizka Insunzak kontzertua eskainiko du Redstone zikloaren baitan. Sarrerak 5€ balioko ditu eta honetan ere beharrezkoa izango da aurretik tokia erreserbatzea, programazioabira@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaliz. 

 

BIRAKIDE KANPAINA

Bira Kultur Guneak ateak zabaldu zituenetik 4 urte igaro dira dagoeneko. Egungo egoerak, kultura-ekitaldien autofinantziazioa egitera eraman ditu eta horren asmoz "Birakide programaziorako kidetze-kanpaina" martxan jarri dute. Aukera zabala dago kuota ordaintzeko, urteko 10€, 25€, 50€ edo 100€ ordainduz, edota hilean 5€ edo 10€ ordainduz. Birakide egiteko formulario hau betetzea ezinbestekoa da.