Solokoetxeko Hijas de la Cruz itxieraren aurrean hainbat mobilizazio deitu dituzte

uriola.eus 2021ko urt. 20a, 10:19

Ecuador Etxea

Ikasturte amaieran Solokoetxeko eskaileretan 162 urte daramatzan Hijas de la Cruz ikastetxea itxiko dutenaren albistea eman zuen joan den astean bertako zuzendaritzak. Honen aurrean familia eta langileek mobilizazioak deitu dituzte, egoerak familien artean "egonezina eta nahasmena" sortu duelako. Ikastetxearen aurrean egunero elkarretaratzeak egingo dituztela azaldu dute, goizeko 08:15ean eta 16:45ean. 

Joan den astean eskolako zuzendaritzak adierazitakoaren arabera, 2020-2021 ikasturte amaieran itxiko ditu ateak Hijas de la Cruz eskolak, azken urteetan eman den matrikulazioen beherakada narbarmenagatik. Ikastetxeak guztira 204 ikasle ditu, 2 urteko gelatik DBH 4. mailara arte. Emandako datuen arabera, haur hezkuntzan 21 ikasle baino ez daude eta lehen hezkuntzako lehen zikloan ordea 19.

Ikastetxeko ahalik eta langile gehienek lanean jarraitzeko aukera izan dezaten, zuzendaritzak esandakoaren arabera, Kristau Eskolari irakasleen birkokapena errazteko lan-poltsa bat sortzea eskatu diote. Bertan lan egiten duten 33 langileen artean, 29 irakasleak dira, 4 administrazio lanetakoak eta gainontzekoak mantentze lanetakoak.

Hala ere, itxieraren albisteak hautsak arrotu ditu bertako familien eta langileen artean. LAB sindikatuak eta ikastetxearen enpresa komiteak azaldu dutenez ikastetxeko langileek urtarrilaren 14an egindako asanbladaren ostean, “atsekabea eta haserrea adierazi” eta konponbide bat eskatzeko hainbat mobilizazio eramango dituzte aurrera.

Izan ere hauen ustez, ikastetxearen jarraipena bermatzeko aukerak ezkutatzen ari da zuzendaritza, eta horrek, “familien artean egonezina eta nahasmena sortu du”, besteak beste, ikasleen etorkizunerako aukerarik onena zein den erabakitzeko “denborarik ez dutelako”.

Horiek horrela, hezkuntza proiektuari bide emango dion konponbide bat bilatzeko eskatu diote alde batetik EAEko Jaurlaritzako hezkuntza arduradunei baita eskolako ikasleen zein langileen bizitza akademikoan parte hartzen duten eragile guztiei.  Erantzun bat jaso arte, printzipioz mobilizazioak deitu dituzte egunero ikastetxearen aurrean, goizeko 08:15ean eta arratsaldeko 16:45ean.

STEILAS sindikatuak bere aldetik, ikastetxearen titularrari zein Kristau Eskolari arduraz joka dezaten eskatu die, “langileak eta familiak asebeteko dituen konponbidea emate aldera. Halaber egoerari irtenbide bat emateko asmoz aukera ezberdinak ikertu ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, publifikazioa barne: “Kasu honetan benetako konpromiso soziala agertu duen ikastetxe itundu honen publifikazio aukerak sakon aztertzea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari, Euskal Eskola Publikoaz Harro Hezkuntza Topaguneak adierazitako bidean eta Kataluniako gobernuak garatutakoaren antzeko araudi bati eutsiz”.

Historia luzeko ikastetxea

1859. urtean zabaldu zituen ateak Solokoetxen kokatuta dagoen Hijas de la Cruz ikastetxeak. Inguruko neska babesgabeei harrera egiteaz gain, hauei doako hezkuntza ere eskaintzen zien kongregazioak. Pobrezia egoeran zeuden ikasleekin batera, hiriko zein inguruko herrietako neskatoak ere joaten ziren ikastetxe honetara, ekarpen ekonomiko baten truke. Horrela, Bilbo osoko lehen emakumeen ikastetxea bihurtu zen.

Egitate horrek hirira “iraultza txiki” bat ekarri zuela diote bertakoek, izan ere, garai hartan oso ohikoa zen emakumeak joskintzara edo antzeko lanetara bideratzea. Gizonezkoek jasotzen zituzten ikasgai berdinak eskaini zitzaizkien Bilbo zein inguruko herrietako emakumeei.

Paulí Dávila Balserak idatzitako Lengua, escuela y cultura: el proceso de alfabetizacion en Euskal Herria siglos XIX y XX liburuan agertzen diren datuei erreparatuta, 1860. urtean Bizkaiko emakumeen %16,2ak irakurtzen eta idazten zekien, gizon alfabetatuen ehunekoa ordea altuagoa zen, %37,2. Hala ere, analfabetatze ehunekoak luze handiagoak ziren, gizon zein emakumetan.

Denborak aurrera egin ahala, hainbat aldaketa jasan zituen ikastetxeak, hala nola 70. hamarkadan eraikina berriztu eta ikasleen kopurua handitzea ahalbidetu zuen. Hamar urte geroago ikasketa eredua aldatu eta hezkuntza mistoari hasiera eman zioten. 

Kristau eskolaren barnean

Bilboko beste 23 ikastetxerekin batera, Kristau Eskola sarearen baitan dago gaur egun Hijas de la Cruz ikastetxea. Hala ere, eskola honekin batera, gutxi dira XIX. mendean ateak zabaldu zituztenak. Adibidez, Deustuko La Salle , Santutxuko Angeles Custodiosos, Escolapios eta Uribarrin kokatuta dagoen Maria Inmaculada ikastetxeak dira mende bat baino gehiago zabalik daramatenak.