uriola.eus

14. urteurrena abiatuko du Zazpi Katu Gaztetxeak astelehenetik aurrera

  Kultura-aisialdia  Alde Zaharra

14 urte bete dira Bilboko Alde Zaharreko Erronda kalean kokatuta dagoen Zazpi Katu Gaztetxeak ateak zabaldu zituenetik. Urtarrilaren 25etik 31ra bitartean urteurrena ospatzeko ekintza ezberdinak antolatu dituzte. 

Astelehenetik asteazkenera hitzaldi ezberdinek hartuko dute tokia gaztetxearen 14. urteurrenean. Urtarrilaren 25ean, astelehena, gazte migratzaileen esperientzien hitzaldi bat izango da arratsaldeko 18:00etan. 26an, asteartean, arratsaldeko 19:00etan hasiko da feminismotik harremanen kontzeptua eraldatuz hitzaldia. 

Okupazioaren kriminalizazioaren inguruko hitzaldia izango da azkena, asteazkenean arratsaldeko 19:00etan. 

Urtarrilaren 28an, ostegunean, bi antzerki egongo dira, Mikel Martinezen eskutik joango den Denboraren Korapiloak eta Irati Agirreazkuenaga eta Arantzazu Sanzen Komuna antzerkiak hain zuzen. 

Asteburuari hasiera emateko ostiralean arratsaldeko 17:00etan umeentzako ginkana antolatu dute. 18:30ean dantza ikuskizun ezberdinak egongo dira eta gaiari jarraiki, ordu erdi beranduago dantza eta musika inprobisazioan oinarritutako dantza emanaldia egongo da. Ostiralari amaiera emate aldera, arratsaldeko 19:30ean Ningra eta Haizeak kontzertua eskainiko dute. 

Larunbateko egitaraua goizetik hasiko da, 11:00etan egongo den zirku tailer batekin. Ostean, Raperuk eta Delbak free style tailerra gidatuko dute, 12:30etatik aurrera. 14:00etan bazkaria egongo da eta ostean bingo musikatua. Arratsaldeko programa bi kontzertuk osatuko dute, Marlik taldeak 17:00etan joko du eta TOC taldeak ordea 19:00etan. 

Urteurrenari amaiera emateko igandean 12:00etan Oihana Bartra, Uxue Alberdi, Malen Amenabar eta Maite Sarasola bertsolarien bertso-saioa antolatu dute gaztetxean eta arratsaldean Jam session bat. 

Osasun neurriak direla eta, ostegunetik igandera bitartean egingo diren ekintza guztietan beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, segurtasuna bermatze aldera. Hemen duzue izen ematearen inguruko azalpen labur bat:

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa