Bilbo Zaharreko kaleetan barrena ibili ez zaretenontzako, Maiatzaren Biko kalea nahiko estua da, eta labur samarra. Bilboko itsasadarretik igota, kalea San Frantziskon amaitzen da eta paraleloki Bailen kalea dago. Bertan ospatzen zen (pandemia heldu aurretik) hileko lehen asteburuan Dos de Mayo merkatua.
Pandemiak gure bizitzak hankaz gora jarri zituenetik, ez dute lortu behintzat presentzialki, Dos de Mayo merkatua egitea. Antolakuntzak Uriolari azaldu dionaren arabera, Bilboko Udalak oraindik ez baitu ekimen hau egitea baimendu. “Azkena 2020ko martxoan egin genuen. Ez dugu ulertzen zergatik ez diguten baimenik ematen beste merkatu batzuk egiten ari diren bitartean”.
Joan den urteko apirilean, itxialdi betean, merkatua online egin zuten Instagramen bitartez: “hilero gurera datozen saltzaileek haien produktuak aurkezteko aukera izan zuten, maiatzean, produktuen aurkezpena alde batera utzi eta hainbat bideoen zabalpena egin genuen: yoga zuzenean, kontu kontaria… uste genuen baino harrera handiagoa izan zuen ekimen horrek”.
Jendea Bilbo Zaharreko kale honetara erakartzeko helburuarekin sortu zen Dos de Mayo, “denda, diseinatzaile eta estudio ugari aurki ditzakegu kale honetan, eta bertako lokalak ezagutzea izan zen hasierako asmoa”. Horiek horrela, ez da makala izan merkatuak azken urte hauetan izan duen harrera, bertako ostalariek adibidez, izugarri nabaritzen dute ekimen hau antolatzen denean, “erreserbak asko igotzen baitira” beraz auzoari egiten dion ekarpena ere “handia” da.
Jende gaztea “eta ez hain gaztea” hurbiltzen da hileko lehen asteburuetan Maiatzaren Biko kalean antolatzen den merkatu “ezberdin” honetara “larunbateko plan baten bila”. Dos de Mayon erosketa batzuk egin, ingurutik bazkaldu eta “auzoa ezagutzeko aukera aproposa” dela diote. “Jende gehiena gauza zaharrak erostera hurbildu ohi da gurera, baita arropa vintage bila”.
Argi dago merkatua berezia dela honek duen kokapenagatik, halaber, saltzaileek are bereziago egiten dute. Hauek aukeratzean irizpide batzuk dituztela ere argitu digute: “saltzaileak aukeratzen ditugunean, oso argi daukagu eskuz egindako produktuak saldu behar dituztela, edota bereziak eta ezberdinak. Inguruko diseinatzaileak izatea ere hobesten dugu”.
Aurtengo maiatzaren 2an ere ez dute aukerarik izango hain berezia den merkatu hau ospatzeko. Dena den, laster itzultzeko “esperantzaz eta gogo handiz” daude, Maiatzaren Biko kaleak “bizitza” berreskuratu dezan.