Lautan Hiru jaialdia ostegunean hasiko da

uriola.eus 2021ko mai. 3a, 10:45

Otsailean egin behar zen Lautan Hiru antzerki jaialdiaren hirugarren edizioa ostegunean, maiatzak 6, hasiko da. Lau astez iraungo duen jaialdian hiruna pieza ikusteko aukera izango da ostegunero Euskaltzaindiaren egoitzan eta BIRA! Kultur Gunean.

Garai hauetan jaialdia antolatzea erraza izan ez den arren, hasieratik zuten argi egin behar zutela "bai ala bai". Otsailerako programatuta zegoen egitaraua berregin behar izan zuten momentuan, Zazpi Katu Gaztetxea jausi egin zela kontatu du Iñaki Mendizabalek. Hori dela eta, berriro egin behar izan dute egutegia. Alde horretatik "konplikatua" izan den arren, Euskaltzaindiak Cafe Bar Bilbao, Bira Kultur Gunea eta Zazpi Katu Gaztetxearen laguntzarekin jaialdia aurrera ateratzeko aukera izan du.

Egitasmoaren helburu nagusia euskarazko antzerkia sustatzea da, “euskarazko sorkuntzari gune berriak eskainita”. Horrekin batera, Zazpi Kaleetako giroan eragin nahi dute, hiriko kultura-aukerak zabaltzeko. Horretarako, Mikel Martinezen esku utzi dute berriro ere."Bere instintoari" uzten diote lan egiten antzezlanak aukeratzerako orduan, bera bai da taldeko adituena. Hala ere, gero eta zailagoa egiten zaiela aitortu du Mendizabalek, "pieza laburrak euskaraz ez daudelako hainbeste".

Lehenengo bi asteei dagokienez, maiatzaren 6an Esti Curielen 35 Huts, Anodino Teatroak prestatutako ZOM2 eta Tranpola Talderaren Txilin hotsak antzezlanak ikusi ahal izango dira. Maiatzaren 13an, Elkar Ezagutu Genuen antzezlanarekin hasiko dira. Ondoren, Mikel Martinezen Piarres Larzabal: Antzerki laburrak eta bukatzeko AHOY! Kokreta Teatroaren eskutik.

Maiatzaren 20an, iaz sortutako antzerki-ekoizpena sustatzeko 2021eko laguntza irabazi zuen Artekartu konpainiaren Hauts Artean antzezlana eskainiko dute. Horrekin batera, Xanti Agirrezabalaren Satiro eta Tor magoa egongo dira. 27an, berriz, Café Bar Bilbao saria irabazi duen Kill, Kerra eta Karma antzezlana eskainiko dute Asier Hernandezek eta Dorleta Urretabizkaiak. Ondoren, Infamia Teatroaren TerminAITOR ikusteko aukera egongo da. Jaialdiarekin amaitzeko, Dorleta Kortazar ipuin-kontalaria izango da bertan eta Oihana Bartrak bertso musikatuak abestuko ditu.

Cafe Bar Bilbaon salduko dira. Maiatzaren 9 eta 13ko hiru emanaldietarako 9 euroko sarrera bat egongo da eta maiatzak 20 eta 27koak  emanaldi bakoitzeko hiru euroko sarrerak eskuratu ahal izango dira.

Haientzako jaialdi honekin jarraitzeak duen garrantzia azpimarratu du Mendizabalek: "guretzako garrantzitsuagoa da egitea, eustea eta antzezleei aukera hori ematea, kate hori ez etetea. Horrela, antzezlariek lanak erakusteko beste espazio bat izan dezaten".