Larunbat honetan lehenengo urteurrena ospatuko du Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak. Goizean mural herrikoi bat eta mahaingurua egingo dituzte Alde Zaharrean eta eguerdi partean Bilbo Zaharrera mugitu eta egitarauarekin jarraituko dute arratsaldera arte. Uriolan sindikatuaren urte osoko ibilbidea errepasatu dugu bertako hainbat kiderekin batera.
Zergatik jaio zen AZET?
Aurreko urteko itxialdiaren ondorioz, elkarlaguntza sarea sortu genuen Alde Zaharrean. Sare hori zaintza ezberdinetara bideratu genuen, umeen zaintzara, pertsona nagusiei erosketak egitera… Eta horren harira, Bilbo osoan baina Alde Zaharreko inguruko auzoetan batez ere, estrukturala zen eta etxebizitzarekin harremana duen arazo bat identifikatu genuen, gentrifikazio eta turistifikazio prozesuen ondorioz ematen ari dena: alokairuen parkea murrizten den bitartean, aldi berean auzoan geroz eta pisu turistiko gehiago daude. Elkarlaguntza markoa gainditu behar genuela ikusi genuen, eta Alde Zaharreko Etxebizitza Taldea eratu genuen hasieran, ostera etxebizitza sindikatua bihurtu dena.
Zer da etxebizitza sindikatu bat?
Hasieran sindikatu hitza potoloegia iruditzen zitzaigun, baina langile klasearen beharrak asetzeko eta honen ongizatera bideratutako tresna dela ulertzen dugu eta elkarlaguntzan zein klase elkartasunean oinarritutako dinamika izanda, sindikatu hitzak gure jarduna oso ondo definitzen duela uste dugu.
Nola funtzionatzen duzue?
Etxebizitzaren arazoa kolektiboki erantzutearen funtzioetako bat komunitatea eraikitzen joatea eta auzo boterea sortzea da. Hori dela eta, guretzako oso garrantzitsua da astero egiten dugun asanblada, bertan militanteok zein etxebizitza arazoak dituzten auzokideak biltzen gara eta heltzen diren kasu ezberdinak tratatzen ditugu. Gero badira ere eragile guztietan nagusitzen diren lantalde klasikoak eta kasu espezifikoei aurre egiteko sortzen diren lantalde txiki batzuk ere.
Zer eskaini diezaioke AZETek etxegabetze arriskuan dagoen norbaiti?
Elkarlaguntza eta auzokide batzuen babesa. Horrez gain, askok arazo indibidual bezala ulertzen duten horri era kolektiboan erantzuteko tresnak ematen saiatzen gara. Kasu berri bat heltzen denean kaltetutako pertsonarekin gelditu eta arazoari erantzun bat emateko gai garen baloratzen dugu lehenik eta behin.
Zein egoeratan aurkitzen da etxebizitzaren gaia egun?
Gentrifikazioaren ondorioz etxebizitzaren egoera oso larria zen pandemia heldu aurretik Bilboko erdiguneko auzoetan edo interes turistikoa duten auzoetan batez ere eta egoera honek arazo hori larriagotu besterik ez du egin. Alde batetik alokairuen prezioa altua izaten jarraitzen duelako eta aldi berean krisi egoera honetan langileen diru sarrerak nabarmen murriztu edo zuzenean langabezian geratu direlako.
Zer iritzi daukazue instituzioetatik proposatzen den etxebizitza politikaren inguruan?
Pandemian zehar etxegabetzeak bertan behera uzteko hainbat neurri eta dekretu sortu dira. Alokairuei aurre egiteko dirulaguntzak emango direla eta jendearen kaleratzeak ekidingo direla azaldu arren, konturatu gara neurri horiek ez direla langile klasearen bizi baldintzak defendatzeko sortu baizik eta jabeen diru sarrerak ziurtatzeko baizik. Horrez gain, neurriok ez dituzte faktore asko kontuan hartzen.
Zergatik?
Bilbo Zaharrean eta San Frantziskon, adibidez, egoera administratibo irregularrean dagoen jende asko dago gaur egun eta gobernu zentralak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak sortutako etxegabetzeen aurkako dekretuek egoera horretan dauden pertsonak neurri hauetatik kanpo uzten dituzte, besteak beste, dekretu horrek exijitzen dituen hainbat eta hainbat baldintza betetzea ezinezkoa delako haientzako. Egoera prekarioenean dagoen jendeari ez dio legedi progresista horrek balio.
"Beti esaten dugu etxebizitza arazoak emakume eta migratuaren aurpegia duela" |
Duela bi aste Judithen etxegabetzea gelditzea lortu zenuten. Zergatik ez zuten kaleratu?
Alde batetik egin zen auzo eta herri presioagatik eta bestetik etxegabetze horrek Bilboko Udalari eman ziezaiokeen irudiagatik. Komunikatiboki lan handia egin dugu bai guk bai inguruko hedabideek Judithen egoera ezagutzera emateko. Hala ere, alarma egoera amaitu berritan, diru-sarrerarik gabe geratu den ama bakar eta gazte bat kaleratzearen irudia ez litzateke onargarria izango Bilboko Udalarentzako. Oihartzun handia izan du Judithen kasuak, ezagutzera eman izan ez bagenu, kalean geratu eta ez litzateke inor kasu honetaz enteratuko.
Mari Carmenen etxegabetzea ordea 2020ko irailean exekutatu zen. Zein egoeratan aurkitzen da egun Mari Carmen?
Mari Carmen alarma egoeran kaleratu zuten. Kasu honetan jabea partikularra zenez, honen aurka antolatutako erresistentzia bertan behera gertatu zen zerbitzu sozialekin akordio batera heldu ginelako. Udal erakundeak Mari Carmeni alternatiba duin bat bilatzeko konpromisoa hartu zuen eta azkenean ez zen horrela izan. Irailetik hostal batean dago eta eskaintzen dizkioten aukera bakarrak bere autonomia deusestatzen dutenak dira: zaharren egoitza batera joan edo bere diru sarreren %75a suposatzen duen tutoretzapeko etxe bat.
"Duen diru apurra janarian edo alokairuan gastatu behar duen erabaki behar du jende batek" |
Zuekin kontaktuan jartzen den jendearen profila nolakoa da?
Ba begira, momentu honetara arte ez dakit gizon zuririk izan dugun. Guk beti esaten dugu etxebizitza arazoak emakumearen eta migratuaren aurpegia duela. Kasu gehienak emakume migranteenak dira eta gizonak izan baldin baditugu migranteak izan dira baita ere. Horrek ez du esan nahi etxebizitza problematika pairatzen duen gizon zuririk ez dagoenik baina aipatutakoa da errepikatzen den profila.
Asetu herri biltegia ere martxan jarri duzue.
Bai, AZETen beso bat da. Batzuek elikagai-banku bezala ulertzen dute baina guk marra hori gainditu nahi izan dugu. Ez ditugu soilik elikagaiak banatzen, oinarrizko produktuak, altzariak, etxeko tresnak… . Asetura hurbiltzen den jendeak duen diru apurra janarian edo alokairuan gastatu behar duen erabaki behar du eta horri aurre egiteko sortu genuen. Norberaren behar material indibidualak guk behar kolektibo bezala ulertzen ditugu eta horregatik erantzun kolektibo bat bilatzen saiatzen gara. Supermerkatuekin eta denda txikiekin harremanetan gaude eta elikagaiak zein oinarrizko produktu ezberdinak biltzen joan gara ekarpen ezberdinen bitartez.
Apirilean Arrakala Auzokideon Etxea aurkeztu zenuten. Zein zen asmoa?
Oso gutxi iraun zuen proiektua izan denez, ez ginen definitzera heldu, baina batez ere sindikatuaren eguneroko jarduna ziurtatuko zuen espazio bat izatea nahi genuen, bilerak egiteko, baita Aseturentzako biltegi bezala.
Maiatza hasieran aste gogorra bizi zenuten Alde Zaharrean. Arrakalaren hustutzea, Desokuparen etorrera… auzoa defendatzeko arrazoiak ez ziren gutxi izan. Nolakoak izan ziren egun horiek?
Egun oso trinkoak izan ziren. Alde batetik Arrakalaren aurkako Udalaren mehatxua zegoen eta beranduago Desokuparena heldu zen. Egun horiek Arrakalaren erresistentzian murgilduta eman genituen, astelehenetik astearterako gauean udaltzaingoak Arrakala hustu zuen eta ostiralean Judithen etxegabetzea izan genuen.
Aste horri begira, zein da AZETen irakurketa?
Auzo erresistentziaz Judithen etxegabetzea gelditzea eta antolakuntzaren eta mobilizazioen bitartez Desokupa taldea atzera botatzea lortu genuen, beraz, irakurketa postiboa egiten dugu, maizterrak kaleratzera etorri den edozein indarren aurkako auzo erantzuna gogorra izan delako. Eta honekin ere argi diogu guri berdin zaigula nork kaleratzen gaituen, izan Desokupa, izan Udaltzaingoa, Ertzaintza… denak ulertzen baititugu kapitalaren tresna bezala.
Urtebeteko ibilbideari dagokionez, nolako babesa jaso duzue? Nolako balantzea egiten duzue?
Positiboa. Auzokide batzuen arazoei irtenbidea ematea lortu dugulako batetik eta aldi berean komunitatea ere sortzen ari gara. Geroz eta jende gehiago gara taldean eta honetan lan egiteko grina eta gaitasuna dagoela ere ikusi dugu.
Gure hasierako plantamendua betetzen ari gara eta komunitatea eraikiz eta ondo antolatuz auzo boterea eta auzo defentsa sortzen ari gara. Gainera, sindikatuaren lanarekin batera, etxebizitza problematikaren, espekulazioren eta explotazioaren auzia pil-pilean dagoela konturatu gara, jendearen ahotan dagoela.