2021/10/13 19:00

Proiekzioa

Rambo III filma proiektatuko dute gaur Zirikan, Potemkin Zinema dinamikaren baitan

Rambo III filma proiektatuko dute gaur Zirikan, Potemkin Zinema dinamikaren baitan
Zirika! Herri Gunea, Bilbo

Komite Internazionalistak erakundeak antolatuta Rambo III filma ikusteko aukera egongo da gaur arratsaldean Potemkin Zinema dinamikaren baitan. Hau da erakundeak gaurko proiekzioaren inguruan emandako azalpena: 

Komite Internazionalistak erakundeak antolatutako zinema eta eztabaida zikloa, ikasturte honetan ere izango dugu. Duela bederatzi urte hasi ginen eta aurrera goaz. Oraingo honetan, ariketa probokatzaile bat egingo dugu hasteko. Eztabaidarako eta zinema kritikorako esparru honetan, zinemaren bitartez errealitatearen inguruko hausnarketa sortu nahi dugu. Horretarako balio artistikoa eta zinematografikoa dituzten filmak aukeratu izan ditugu beti, eta aldi berean ikuspuntu kritiko batetik gizartea aztertzen dutenak.

Aurtengo ikasturtea hasteko ikusiko dugun filma salbuespen bat da. Ez da film bikaina, ez da miresteko zinegile bat, gidoia ez da saritzekoa eta aktoreak ez dira onak. Zergatik egingo dugu horrelako zerbait? Zoratu al gara? Afganistanen bizi duten gaur egungo egoera larria ulertzeko, azken hamarkadetako politikak aztertu behar dira. Politika horren barruan gerra ideologiko-kulturala ere badago. Estatu Batuetako estrategiaren barruan propagandak beti izan du paper garrantzitsu bat. Rambo 3 filma hor kokatu daiteke: propaganda politikoa, are gehiago faxismotik gertu dagoen panfleto bat. Integrista talibanak “askatasunaren aldeko borrokalariak” dira film honetan. Filmean zehar Estatu Batuek erabiltzen duten propaganda tresna guztiak identifika ditzakegu.

Filma 1988an Peter MacDonaldek zuzenduta dago. Bere garaian nolabaiteko arrakasta lortu zuen zinema aretoetan. Ez, ordea, kritikarien artean edo zinemaldietan. Aipa dezakegu Razzie Sarietarako nominazio ugari lortu zituela. Razzie Sariak film eta antzezle okerrenei ematen zaizkie. Kasu honetan honako nominazio hauek jaso zituen: aktorea, aktore sekundarioa, zuzendaria, gidoia eta film okerrena. Sylvester Stallonek aktorearen saria lortu zuen. Gidoia ere berea zen. Debatea sortzeko eta zinemak gaur egun daukan paperaren inguruan hitz egiteko oso egokia da. Etorri Komite Internazionalistak erakundeak antolatzen duen zinema ikusteko eta eztabaidatzeko urriaren 13an, asteazkena, 19:00etan, Zirika Herri Gunera (Bilboko Erronda kalea 12).