Alde Zaharreko Erribera kaleko 9. zenbakiko bizilagunak operazio espekulatibo baten biktima izaten ari direla salatu du AZET etxebizitza sindikatuak.
Etxebizitza blokea auzoan bertan hainbat jabetza dituen espekulatzaile batek erosi berri du, eta horren ondorioz, atarian hamarkada luzez bizi izan diren bi familiak alde egin beharko dute abenduan. Sindikatuak azaldu duenez, familia horiek iraungitako alokairu kontratuak zituzten, eta ez dizkiete berritu. Horren ondorioz, "hilabete eskas batzuk" baino ez dituzte izan beren gauzak bildu eta bizitzeko beste leku bat bilatzeko.
Gainerako hiru familiei dagokienez, kontratuak indarrean dituzte eta momentuz Erribera kalean jarraituko dute, baina ezjakintasunez bizi dute egoera. "Itxura guztien arabera, jabetza berriak edozer egingo du haiek bidaltzen saiatzeko", adierazi dute AZETeko kideek. Hala, errentak igoko ote dizkieten beldur dira. Izan ere, ezer gutxi dakite jabe berriari buruz, eta ez omen dute auzokideak bidaltzeko "presa" hori nondik etor daitekeen ulertzen. Ez die inork jakinarazi laster hutsik geratuko diren etxebizitza horiekin zer egiteko asmoa daukaten.
Kasu isolatua baino, egiturazko arazoa
Etxebizitza sindikatuak nabarmendu nahi izan du aipatutako etxebizitza horren kasua ez dela ez bitxikieria bat: "Horrelako operazio espekulatiboak ez dira soilik eskrupulorik gabeko jabe maltzurren maniobra indibidualak. Etxebizitzaren auzia arazo estrukturala da eta klase jabedunaren estrategia orokorrago baten baitan kokatu behar dugu".
Klase desjabetuen aurkako erasoaldi gisa izendatu dute etxebizitzaren auzia, eta "instituzioen konpilzitatea" salatu dute. Espekulazioa egiturazko arazoa eta kapitalismoak aurrera egiteko ezinbestekoa dela azpimarratu dute, eta herritarren kontura krisialdietatik probetxua ateratzeko tresna bezala erabiltzen dela: "Erriberan gertatu den bezala, gero eta auzokide gehiago dira haien etxetatik eta auzotik alde egin behar izango dutenak".
Egoera horren aurrean antolatzeko deia egin du AZET etxebizitza sindikatuak. Jakitera eman dutenez, Erribera 9ko bizilagunek sindikatuarekin batera borrokatzeko hautua egin dute, eta gainerako herritarren inplikazioa ere lortu nahi dute. Hori dela eta, laster plazaratuko dituzten deialdietara adi egoteko eskatu dute.