Bosgarren urtemugako ospakizunetan murgilduta dago Bira

uriola.eus 2021ko aza. 15a, 16:23

Duela bost urte egin zuten 'Lisboako katu berdea' saioko irudia (Argazkia: Bira Kultur Gunea)

Bost urte bete dira Alde Zaharreko Erronda kalean Biba! espazioak ateak ireki zituenetik. Geroztik, izena aldatu du, baina izana ez, euskara eta kultura zabaltzearen aldeko lanean jarraitzen baitu buru-belarri. Aste honetan zehar hitzordu ugari izango dira egunotarako prestatu duten egitarauaren barruan.

Gaur iluntzean (20:30) eta bi aste barru (hilak 29, ordu berean) Seisiún folk musikaren jam-saio irekia egongo da CEOL kolektiboaren eskutik.

Bestalde, bihar, azaroak 16, Beatriz Egizabal eta Ane Labaka protagonista dituen Erradikalak ginen ikuskizunaren txanda izango da 19:30etik aurrera. Feminismoa eta umorea abiapuntu, bakarrizketak eta bertso jarriak uztartzen ditu emanaldi honek. Sarreren prezioa 5 euro izango da, eta programazioabira@gmail.com helbidera idatzita gorde ahal izango dira.

Etzi ere, hilak 17, egongo da planik Bira Kultur Gunean. Hain zuzen, 2021eko Espainiako Poesia Saria jaso berri duen Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak eta Dana Moya musikari kubatar euskaldunak Begiak zerumugan izeneko emanaldia eskainiko dute, kontaketak, poemak eta abestiak biltzen dituena. Sarreraren prezioa: 10 euro (gordetzeko: programazioabira@gmail.com edo egunean bertan Biran).

Hitzordu erakargarriak ostegunean eta ostiralean

Astebururako antolatu dituzten ekimenek jendearen arreta erakarri dute, eta, ondorioz, dagoeneko aforoa bete dute ostegunean eta ostiralean izango diren ikuskizunetarako.

Hala, sarrera eskuratu dutenek Lisboako katu berdea bertso saio musikatuaz gozatu ahal izango dute azaroaren 18an (19:30). Hain zuzen, duela bost urte lokala ireki zutenean egin zuten saioaren remake bat izango dela azaldu dute antolatzaileek. Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Alaia Martin eta Oihana Bartra izango dira bertsolaria, eta gai-jartzaile lanetan Irati Erkizia ibiliko da. Musikan, berriz, Gari Otamendi eta Araitz Bizkai.

Hurrengo egunean (ostirala, hilak 19) Transilbania ikuskizuna egongo da, punta-puntako gonbidatuekin: McOnak musika taldea, Jon Maia bertsolaria, Transilbania Brass Band, Madame Qui, Monseiur Non, Aida Arroyo. Musika, antzerkia, bertsoa eta beste hainbat diziplina uztartuko dituzte ikusleen gozamenerako, Alain Gutierrezen zuzendaritzapean.

Azkenik, astea borobiltzeko, igande eguerdian (12:00etatik 15:00etara) saltsa dantzatzeko aukera egongo da Salsorayaren eskutik, eta 18:30etik 21:30era, aldiz, tangoa Garua elkartearekin.

Hurrengo astetik aurrera egongo diren hitzorduen berri izateko, gure agendara jo dezakezue.