Arrakala II espazioa inauguratuko dute

uriola.eus 2021ko abe. 9a, 14:47

AZET Etxebizitza Sindikatuaren Somera kaleko lokal berriak ateak irekiko ditu arratsaldean. Denetarik antolatu dute egun handirako: erakusketa, mural margoketa, hitzaldia, proiekzioak, enkante herrikoia...

Urrian sartu ziren AZET Etxebizitza Sindikatuko kideak Alde Zaharreko Somera kaleko 15. zenbakian hutsik zegoen lokal batera, eta lekua atondu eta egokitzeko lanetan aritu ostean, gaur irekiko ditu ateak Arrakala II izeneko espazioak. Hain zuzen, Etxebarrieta Anaien plazan egon zen Arrakala izeneko espazio haren segida izango da. Azken hori maiatzean hustu zuen Udaltzaingoak, eta sindikatuko zenbait kide auzipetu zituzten okupazio haren harira.

Aurkeztuko duten espazioa martxan jartzearen arrazoiak zeintzuk diren azaldu du AZETek: "Gero eta gehiago gara miseriak eta esplotazioak itota bizi garen auzokideok: alokairuen igoerak jasaten dugunok, etxegabetuak garenok, kaleratzen gaituztenok edo jatearen edo fakturak ordaintzearen artean aukeratu behar dugunok. Baina gero eta gehiago gara arazo hauek politizatu eta elkarrekin borrokatzeko hautua egin dugunok. ARRAKALA, beraz, proiektu hau gorpuztu eta gure auzokideen oinarrizko behar materialei erantzun ahal izateko ezinbesteko azpiegitura bihurtu da, AZET Etxebizitza Sindikatuko egoitza politikoa eta ASETU Herri Biltegiko gune izanik. Pozik eta irrikitan gaude bide hau zuekin konpartitzen jarraitzeko. Beraz, espazioa eta proiektua ezagutzera gonbidatzen zaituztegu".

Egitaraua

Honako hauek dira inauguraziorako prestatu dituzten ekintzak:

17:00-19:00 Ate irekiak: erakusketa, mural margoketa, luntxa, proiekzioak...

19:30-21:00 Sindikatuaren aurkezpena+Hitzaldia: La ciudad desconfictivizada, clase medianismo, barrio y polizialización.

21:00 Enkante herrikoia.