Ozta ozta heldu da hamabosta izango da 7 Katuren 15. urteurrena ospatzeko prestatutako egitarau bereziaren leloa. Gaur bertan hasiko dira ekintzak. 18:30ean solasaldia egongo da, eta gaztetxearen bueltan ibilitako hainbat belaunalditako kideek parte hartuko dute. Urteurren borobila denez gero, egitasmoaren bilakaera landuko dute, hasieratik gaur egunera arte. Horixe izango da aste berezi honi ekiteko abiapuntua.
Bihar, asteartea, Kontrol sozialari aurre egin izenburupean hitzaldia emango dute Atxuriko Harrera Sareko kideek eta gaia ikuspuntu juridikotik landuko duen abokatuak. 18:30ean hasiko da.
Hurrengo egunean, asteazkena, hausnarketara bideratutako ekintzekin jarraituko dute. Hala, Auzoko gazteok auzoan lekurik ez izeneko mahai-ingurua egongo da gaztetxean (18:30), eta ondoren, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoekin batera afaritxoa egingo dute.
Ostegunean, berriz, antzerkia eta umorea izango dira protagonista. Hala, 19:30ean hasita, Mikel Martinezen Tabernaria antzezlana ikusteko aukera izango da. Jarraian, Getari Etxegaraik bakarrizketa eskainiko du: GGG eta ez gaude konforme. Amaitzeko, Sigeruban eta Pula Gzonen rap doinuek girotuko dute iluntzea.
Adin guztietako jendeari irekitako espazioa denez gero, haurren jolasak eta txokolatada antolatu dute gaztetxeko kideek ostiralerako, 17:00etatik aurrera. 19:00etan, berriz, Gaztetxearen aurrealdeko plazatxoan urteurreneko ekitaldi berezia egingo dute, eta ondoren kontzertuen txanda izango da: Iheskide, Memphis eta DJ Ruizza.
Larunbatean, nola ez, eguerditik hasita egongo dira ekintzak. Hala, 12:00etan auzoan zehar ibilaldi historiko gidatua egingo dute Etxebarrieta Memoria Elkartearen eskutik: Izan zirelako gara. Horren ostean, bete-betean murgilduko dira jai giroan, eta poteo musikatua egingo dute Alde Zaharrean zehar. Eta hori borobiltzeko, 14:00etan bazkaria egingo dute 7 Katun bertan. Txartelak salgai daude Adaxka eta Nekane tabernetan, 6 eurotan. Musikaz lagundutako bazkalostea eginda, iluntzean, 19:00etatik aurrera, La Tokorera, Keniama eta Uki Selektah egongo dira taula gainean.
Igandean borobilduko dute urteurreneko aste berezia, Miren Amuriza, Jone Uria eta Josune Aramendi bertsolarien errimez lagunduta. 18:00etan izango da hori, eta ondoren, 20:00etan, mikro irekia egongo da.