Lautan Hiru: Antzerki txikia, festibal handia

uriola.eus 2022ko urt. 25a, 12:47
Lautan Hiru antzerki jaialdiaren aurkezpena

Lautan Hiru antzerki jaialdiaren laugarren edizioa aurkeztu dute. Udalak babestuta, Cafe Bar Bilbao, Zazpi Katu gaztetxea eta BIRA kulturarekin elkarlanean antolatu du Euskaltzaindiak. Otsaileko ostegun guztietan egingo da eta 11 emanaldi eskainiko dira. 

Aurreko urtean maiatzean egin ostean, berriz bueltatuko da otsailera Lautan Hiru. Bilboko Zazpi Kaleak kulturaz blaituko dira hilaren 3an, 10ean, 17an eta 24an. Txoko txiki ezberdinetan iraupen laburreko produkzio txikiek, festibal handi bat sortzeko tokia izango dute. Antzerkiak, bakarrizketak eta, aurten estreinakoz, umeentzako tailerrak egongo dira.

Adolfo Arejita Euskaltzaindiako idazkariak euskal kulturak "garai zailak" bizi dituela azpimarratu du. Jaialdiak antzerkilariei euren lana hauspotzeko aukera ematen diela azaldu du: "Gure kultura eta antzerkirako espazioak behar dira". Euskaltzaindiak mugimendu sozial eta kulturalarekin duen konpromisoa erakutsi du eta ematen den elkarlana ezaugarri nagusitzat aipatu du: "Euskal kulturako eragileekin batera jokatzea onuragarria ez ezik, ezinbestekoa baita".

Koldo Narbaiza Bilboko Euskara eta Hezkuntzako zinegotziak euskara eta kulturaren harremanaz mintzatu da: "Kultur eskaintza honetan euskarak presentzia gero eta handiagoa izan behar du, eta horretarako ari gara lanean".

Cafe Bar Bilbaok, bere aldetik, ezinbestekoa den ekitaldi honetan parte hartzea ohorea dela azaldu du. Horri lotuta, 7katu gaztetxeak egitasmoan parte hartzeko konpromisoa hartu du: "Gazte ez den jendearekin lan egitea ere gustuko dugu, aurrera egiten laguntzen gaitu". Azkenik BIRA-k antzerki sistemaren oinarritzat deskribatu ditu jaialdiko ekitaldiak. Urtero bezala, helburuek berdinak izaten jarraituko dute: euskarazko antzerkia hauspotu, antzezlanak erakusteko guneak sortzaileei eskaini eta Bilboko Zazpi Kaleetako giroan eragitea, kultura aukerak zabalduta.

Berrikuntzak

Jaialdia bi berrikuntza nagusirekin helduko da. Umeek haien tartea izango dute gaztetxearen eskutik. Zurrunka Teatro konpainiak 6-11 urte arteko umeentzako txotxongilo tailerra egingo du otsailaren 3an. 17:30ean eta 18:30ean ordu bateko saioak egingo dira. Bakoitzean 12 haurrentzako tokia egongo da. Ikusleentzako kluba ere egingo da Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin batera. Eneritz Artetxeren Lakoste lana aurreko egunean aztertuko du ikusle talde batek. Antzezlanez gogotik gozatzeko eta bizipenak partekatzeko gunea sortu nahi dute.

Bonuak

Urtero bezala, bonuak eta sarrerak eskuratu ahalko dira. Bonuak 5 eurokoak izango dira eta jardunaldi bakoitzean lan guztiak ikusteko aukera emango dute. 3 eurotan emanaldi bakoitzerako sarrera erosteko aukera egongo da. Bihartik aurrera Plaza Berriko Cafe Bar Bilbaon eta Erronda kaleko BIRA kulturan salduko dira amaitu arte. Gainera, Zazpi Kaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostutako sarien zozketa egongo da.  

Egitaraua

10 ikuskizun egongo dira eta umeentzako txotxongilo tailer bat. Hilaren 3an, 17an eta 24an hiru emanaldi eta 10ean bi. 

OTSAILAREN 3a:

  • HAURRENTZAKO TXOTXONGILO TAILERRAK, 17:30 (7katu gaztetxea): 60 minutuko bi txanda; txanda bakoitzean 12 haur / 6-11 urtekoentzat / Zurrunka teatro. Izen-ematea: info@euskaltzaindia.eus / 944 158 155
  • 19:00 (Euskaltzaindia): Susanaren iraultza / Esther Carrizo (50’)
  • 20:00 (BIRA): Lakoste / Eneritz Artetxe (40’)

OTSAILAREN 10a:

  • 19:00 (Cafe Bar Bilbao): Zure sotoko ardoa / XIX. Cafe Bar Bilbao saria - Irakur-keta dramatizatua (25’)
  • 20:00: (BIRA) Ogiak hizketan baleki / Mamiak kolektiboa - Josune V. Mendizabal (45’)

OTSAILAREN 17a:

  • 19:00 (Euskaltzaindia): Artistak eta kazetariak 1.0 / Kaitin Allende (25’)
  • 20:00 (7katu): Ipuin-kontalaria / Maite Arrese (35’)
  • 21:00 (Euskaltzaindiaren egoitzatik abiatuta): Noiz utziko dio euria egiteari / Piszifaktoria Ideien Laborategia (20-30’)

OTSAILAREN 24a:

  • 19:00 (Euskaltzaindia): Tribis – baserri galdue / Jon Ander Urresti (50’)
  • 20:15 (7katu): Udaberria heldu da / Les Bobe Bobe (35’)
  • 21:15 (BIRA): Tatxan magia ikuskizuna / Imanol Ituño + Yogurinha Borova (35-40’)