Bilbo Zaharreko familia bat kaleratze arriskuan

uriola.eus 2022ko urt. 27a, 13:09

Eguneko programa

"Lan sindikalari esker" familiaren etxegabetzea atzeratzea lortu zen. Hala ere, hura gauzatzeko data berria laster jakinaraziko dute, AZET Etxebizitza Sindikatuaren esanetan. Horregatik, auzodefentsa eta klase elkartasuna ehuntzen jarraitzeko eguna prestatu dute urtarrilaren 28an. 

Hainbat ekintzaz beteriko eguna prestatu du AZET Etxebizitza sindikatuak biharko. Izan ere, familiaren etxegabetzea atzeratu zen arren, berriro ere saiatuko dira hura kanporatzen. Borrokan jarraitzeko eta auzo elkartasuna lantzen jarraitzeko hiru ekintza prestatu dituzte ostiral honetarako. Seietan hasita, bi ordu emango dituzte kasua sozializatzeko materiala sortzen eta banatzen: infoguneak, pankartak, karteladak, bideo-proiekzioak...

Zortzietan asanblada informatiboa egongo da. Bertan, azken hilabeteetako mugimenduez eta hurrengo hilabeteetarako aurreikusten duten egorerari buruz hitz egingo dute. Amaitzeko, bederatzietan, ordubeteko txokolatada musikatua prestatu dute "gorputzak eta bihotzak berotu eta borrokan jarraitzeko indarrak hartzeko".