Bihar hasiko da Bertso Errondaren bosgarren edizioa

uriola.eus 2022ko ots. 14a, 09:24
Bertso Erronda 2018

Adaxka tabernak emango dio hasiera 20 bertsolari batuko dituen txapelketari. Bihar hasita, astero egingo da kanporaketa bat eta martxoaren 24an bost sailkatuak finalean lehiatuko dira Zazpi Katu gaztetxean.

2021ean bertan behera geratu ostean bueltan da Bertso Erronda. Otsailaren 15etik martxoaren 24ra arte, bertsolari gazteek errimaz beteko dituzte Alde Zaharreko tabernak. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da eta Adaxka, Errondabide, Zirika, Bira, La Villa eta Zazpi Katun egingo dira saioak. Aurtengo edizioan lau bertsolari gutxiago egon arren, talde txikiagotan banatu dituzte eta saio bat gehiago egongo da. Lau bertsolari parte hartuko dute aste bakoitzean eta irabazlea sailkatuko da; irabazleaz gainera, beste hiru bertsolari hautatuko dira finalean parte hartzeko.

Finala martxoaren 24an, osteguna, izango da Zazpi Katu gaztetxean 19:30ean. Kanporaketak ere, ordu berean egingo dira.

Kanporaketak

Adaxkak emango dio hasiera berriz lehiaketari. Otsailaren 15ean izango da hasiera eta Enare Muniategi, Ander Ucelay, Eire Salegi eta Josu Ibarguren bertsolariek parte hartuko dute.

Hurrengo astean, asteartean ere, otsailaren 22an, Ander Anakabe, Paule Loizaga, Mikel Arrate eta Iruri Altzerrekaren txanda izango da Errondabiden.

Martxoan sartuta, hilaren lehenengo egunean, Julene Iturbe, Jon Elortza, Haizea Telleria eta Asier Alcedo lehiatuko dira hirugarren txandan Zirika tabernan.

Azken-aurreko txanda, asteazken batean izango da, martxoaren 9an. Bira kultur guneak lekua utziko die Maddi Askaiturrieta, Unai Mendiburu, Mikel Aiartzagunea eta Hodei Munduate bertsolariei. 

Azkenik, kanporaketei amaiera emango zaie martxoaren 16an. La Villa tabernak emango du itxiera Janire Arrizabalaga, Kerman Diaz, Aritz Landeta eta Igor Galartzaren bertsoekin.