Somera pairatzen ari den "degradazioa" salatzeko mobilizazioa deitu dute auzokideek

uriola.eus 2022ko ots. 15a, 11:00

Bihotzean Zazpi kaleetako auzo elkarteak eta Somerako bizilagunek manifestaldia deitu dute otsailaren 19an, 12:00etan, Somera 1etik abiatuta, "Somera Berpiztu, Udala Auzokideoi entzun" lelopean.

Duela bost urte hasi zen "narriadura" salatu dute bizilagunek. Elkarteen esanetan, droga salmentak, kaleko borrokek zein lapurretek sortzen duten tentsioa eta udalak egoerari aurre egiteko duen jarrera "eskasa eta erabat poliziala" konponbidea lortzetik oso urrun daude. Gainera, elkarbizitza zailtzen duen zakar pilaketaren eta eta kalearen zikinkeriaren "garapen kualitatiboa" azpimarratu dute.

Auzoa "merkantzia bezala" erabiltzea leporatu diote udalari: "Alde batetik, auzoaren turistifikazioa eta bestetik kale batzuen gentrifikazioa". Auzoaren salmenta eta gentrifikazio prozesu hauek auzokideak eremu periferikoetara lekualdatzea bultzatzen duela salatu dute, Bartzelonako El Raval edo Madrileko Malasañan gertatzen den moduan. "Horrek eragina du eremuaren eta bertako auzokideen osaeran, bai eta auzoaren soziologia eta kalearen nortasunaren galeran ere", azaldu dute bizilagunen elkarteek. 

Udalaren "pasibotasuna" eta auzokideen aldarriei muzin egiteak, hainbat bizilagun ospa egitea eta haien etxebizitzak "merkatuaren logikatik behera" saltzea eragin duela azaldu dute. Bestalde, horietako batzuk erosi eta pisu turistikoak egitera bideratzen ari da "espekulatzaile" bat.

Kalea "hiltzeko prozedura" eteteko eta Somerak etorkizuna izan dezan, mobilizazioa egingo dute larunbat honetako eguerdian Someran bertan, udalari konponbideak eskatzeko eta auzokideen eskaerak entzuteko eskatzeko.