Perbertsoa izenburua zuen atzoko finalak, eta argi gorriz eta lumaz apaindu zen Bira Kultur Gunea bertsolariak eta lokala bete zuten ikusleak hartzeko. Jendea gogoz zegoen Biran bertan, Adaxkan, Errondabiden, La Villan eta Zirikan egindako bost kanporaketetan sailkatutako zortzi bertsolarien jarduna jarraitzeko.
Unai Mendiburu gailendu zen azkenean, Julene Iturberekin batera buruz burukora igaro ostean. Bi horiekin batera, honako hauek izan ziren protagonista atzoko saioan: Josu Ibarguren, Paule Loizaga, Asier Alcedo, Kerman Diaz, Ander Ucelay eta Ander Anakabe.
Bertsolarien hasierako agurretatik jada, ikusleek barrez eta txaloz hartu zituzten mikrofono aurrean zeudenen ateraldiak, eta halaxe jarraitu zuten amaierako agurretara arte. Ariketa jostagarriek ere lagundu zuten umorea pizten, Egunean Behin lehiaketa ezagunaren bertsio bertsozaleak, adibidez. Borobila izan zen, beraz, guztira hogei parte-hartzaile batu dituen aurtengo Bertso Errondaren finala.