Maiatzaren 27 eta 28an Alde Zaharreko jaiak ospatuko dira eta ostiralean jaien kartela aurkeztu zuten. Aurten lehen aldiz egin zuten hura aukeratzeko lehiaketa eta Irune Sunsunaga izan zen irabazle. "Zaharrean berri" lelopean txokolatada eta jaien aurkezpena egin zuten auzokideek.
Batasuna nagusitu zen jai batzordeak adierazi zuen moduan jaiak "komunitate bateko adierazpen sinboliko nagusia dira; komunitate batek duen adierazpenik naturalena". Alde Zaharrak dituen berezitasunak alde batera utzita auzo bat direla azaleratu nahi dute auzokideek eta horretarako ezinbestekoak dituzte jaietan ospatzen diren herri-bazkariak, kontzertuak, edo txosnetan trago bat hartzea.
Bilbon makro-ekitaldi bat egitea, jaiak egitea baino errazagoa dela kritikatu duten arren argi utzi dute jaiak ospatuko dituztela: "kaleek kolore bana hartuko dute eta auzoa poz kolektibo batean lehertuko zaigu". Aurten jaiak berreskuratzeko urtea da horrekin batera hainbat berrikuntza ekarriko dituzte.
Oraindik ez dute kartela argitaratu, baina hemendik eta jaiak hasi arte ekintzak, proposamenak eta ekimenak iragartzen joango dira. Baita ordutegiak eta tokiak. Kartela betetzen joango dira hurrengo asteetan eta ez dira faltako, Alde Izarrak, ur-zezenen entzierroa, Paella Lehiaketa, bazkaria, Auzo Olinpiadak... Guztia aurrera eramateko jendearen laguntza eskatu dute txandak egiteko eta ahalik eta auzokide gehienak gonbidatzeko. "Oraingoz, prestatu zuen koreografiak eta sukaldatzeko tresnak! Beharko dituzue eta", adierazi du jai batzordeak gogo handiarekin.