Itxaropen kaleko frontoiak izango duen itxuraren berri eman du udalak

uriola.eus 2022ko mai. 17a, 12:20
Pilotaleku berrirako proiektatu duten diseinua (Argazkiak: Bilboko Udala)

Bost solairuko eraikina izango da, eta pilotalekuaz gain, gazteleku bat, haurrentzako gune bat eta liburutegia hartuko ditu, besteak beste. Milioi batetik gorako inbertsioa izan da.

Obrak adjudikatzen direnean, lanak sei hilabeteko epean egitea aurreikusten du udalak. Gaur egun, orubearen egitura eta inguratzailea azken eraikuntza-fasean daude. Gogorarazi behar da 2015ean eraitsi zutela toki berean zegoen pilotaleku zaharra.

Orain egingo duten eraikin berriaren titularra udala izango da, eta bost solairu izango ditu. Azaldu dutenez, hiru printzipio nagusiren arabera banatuko dira espazioak: hainbat erabilera eman ahal izatea, moldagarritasuna eta zabaltasuna. Hori kontuan izanik, solairu bakoitzeko espazio nagusi bakar bat prestatuko da. Espazio hori zenbait eremutan banatu ahalko da, altzarien edo elementu mugigarrien bidez (trenkadak, kortinak, ...). Guztizko azalera 1.270,77 metro karratukoa da.

Eraikinaren zerbitzuak (komunak, biltegia eta edoskitze-gela, besteak beste) igogailuen ondoan jarriko dira, solairuen arteko zerrenda trinko batean. Horrela, asmoa da azalera ahalik eta handiena eskaini ahal izatea udal ekipamenduaren jarduera nagusiak egiteko: gaztegunea (beheko solairua), umeen liburutegia (lehenengo solairua) eta haurgunea (bigarren solairua).

Hirugarren eta laugarren solairuetarako, pilotarekin zerikusia duten jardueretako beste espazio batzuk proiektatu dituzte, hala nola eremu pribatuak eta batzar gela.