Arrakala I.-ren desalojoaren ondorioz deklaratzera deitutakoei babesa erakutsi die AZET-ek

uriola.eus 2022ko mai. 18a, 12:19

Etxebizitza sindikatuaren egoitza bihurtu zen espaziotik kaleratu zituzten duela urtebete eta mozal legea aplikatuta mila euro baino gehiago ordaindu behar izan dute guztira isunetan. Gaur, lau kide deitu dituzte deklaratzera.

Duela urtebete Arrakala Auzokideen Etxea utzarazi zuten, Etxebarrieta Anaien plazan birjabetutako espazioa. Hamarkada batez hutsik egon zen eta larrialdizko etxebizitza, biltegi, elikagai banku eta AZET etxebizitza sindikatuko egoitza bihurtu zuten. Desalojoaren prozesu judizialean lau kide deitu dituzte deklaratzera, eta sindikatuko kideak epaitegiaren aurrean kontzentratu dira elkartasuna erakusteko eta jazarpen poliziala gelditzea eskatzeko. 

Lau kideetatik batek deklaratu du, eta sindikatuak azaldu duenaren arabera, "printzipioz" ikerketa judiziala amaitu egin da: "Gaurko deklarazioen ondorioz, erabaki bat hartu arte itxaron behar dugu. Absoluzioa lortu edo epaiketa bat egotea dira aukerak". Duela hilabete batzuk sindikatuko beste hiru kide egon ziren deklaratzen.

Bilboko Udalaren agindu politikoaren ondorio zuzena izan zen "irregulartasunez betetako desalojoa" izateaz gainera, "jazarpena" oraindik ez dela amaitu salatu du AZET-ek epaitegien aurrean: "Hilabete batez egon ginen eraikinean eta jazarpena izugarria izan zen. 100 orriko atestatu polizial bat daukagu. Egunero sekretak eta identifikazioak. Lau isun ordaindu genituen". Haien abokatuak ere isun bat ordaindu behar izan zuen poliziaren lana oztopatzeagatik.

Desalojoaren "mendekua" hartu dutela aipatu dute. Izan ere, gaur egun beste egoitza bat daukate Alde Zaharrean. Prozesu judiziala oraindik amaitu ez denez, deialdi berriei adi egoteko eskatu dute kideek.