Asteburu honetan izango dira Alde Zaharreko jaiak

uriola.eus 2022ko mai. 23a, 10:48

Alde Zaharra hiru egunez jai giroz beteko da. Hilaren 27an, 28an eta 29an ospatuko dira jaiak. Alde Izarrak talentu lehiaketak emango dio hasiera egitarauari, eta igandeko bertso poteoaren eskutik etorriko da itxiera. Besteak beste, musikak, txapelketek eta larunbateko janariak girotuko dute auzoa.  

Hurbil dituzte jaiak Alde Zaharreko auzotarrek. Asteburu honetan, ostiraletik igandera, jendez eta festa giroz beteko dira kaleak. Asteburua iritsi aurretik, auzokideen bilera egingo dute bihar (asteartea) La Bolsan, 19:00etan, azken prestaketarako. Auzo alai, koloretsu eta bizia direla erakutsi dutela argi utzi du jai batzordeak.

Festak giro onarekin hasiko dira ostiralean, Alde Izarrak talent showarekin, 17:30etatik aurrera. Hurbiltzen den bakoitzak bere gaitasunak erakutsi ahalko ditu eszenatoki gainean. Abestu, dantzatu, playback, zirko, magia... edozer egin ahalko dute lau minututan zehar. Lehiaketarako izen ematea formulario baten bidez egin behar da. 

19:30etik aurrera, ostiraleko bestelako programazioa beteko da. Barrenkalen txapelketak egongo dira eta Sakatu Elektrotxarangak Erronda eta Somera kaleetan, trikitilariak Barrenkalen eta Dj Juseffek 7katu gaztetxean musika jarriko dute. Larunbatean goiz goizetik hasiko dira jaiak gaiteroekin 09:00etan. Beranduago auzoa kolorez betetzen jarraituko du kale animazioak. Ordu berean plaza zaharrean egunari hasiera emango dion txupina botako da eta ur zezenen entzierroa egingo da. 

Era berean, plaza berrian larunbateko egitarauaren gehiengoa ospatuko da. Hamaiketan 97FM-ren irratsaioa eta ordu erdi geroago gastronomikoa. 12:00etan umeentzako jolasak egingo dira eta adin guztietako auzotarrak batuko dituen bazkaria 14:30ean. Erritmoa ez gelditzeko bazkalostea musikatuko da 16:00etatik aurrera. Azkenik janaria pixka bat arintzeko errelebo lasterketa egongo da bostetan. Bazkarirako eta gastronomikorako tiketak Bira kulturgunean eta Cafe Bar Bilbaon hartu ahalko dira.

Plaza berritik Santiagora lekualdatuko da festa. 18:30etan La Tokokera emango du kontzertua eta 20:00etan musika jarraituko du dantza plazarekin; erritmoa gelditu ez dadin. Bitartean 19:45ean ZB saria banatuko da. Igandeak jarriko dio amaiera Alde Zaharreko jaiei. Barrenkalen zehar bertso poteoa egingo da 13:00etan.