Barrenkaleko Beltza tabernak irabazi du Idiazabal Artzain gaztaren VII. pintxo lehiaketa

Igor Castañedak egindako pintxo tradizional batek irabazi du Gazta Fest barruan egin den Idiazabal pintxo lehiaketa. Sormenaren saria Unamuno Plazako Zazpikaleetako Garagardotegiak irabazi du eta herri-bozketaren saria berriz, Tenderia 17-ko Batzoki Bilbo Zaharrak eraman du. 

Gazta Fest-ek itxiera egin du gaur goizean Idiazabal Artzain gaztaren VII. pintxo lehiaketaren sari banaketarekin. Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien elkarteak antolatutako lehiaketa honetan ezinbestekoa zen Idiazabal Artzain gazta erabiltzea pintxoetan. 19 tabernak parte hartu dute eta Igor Castañedak Beltza tabernan egindako pintxoak irabazi du sari nagusia.

Ogi-xerra baten gainean, sardina ketua, tomate deshidratatua, belar probentzalak eta Idiazabal gazta ketuarekin egin du. "Egunerokoan erabiltzen ditudan osagaiekin egin dut. Pozik nago sariarekin eta bezero gehiago erakartzeko balio dezake". Epaimahaiak elaborazioen kalitatea, gaztaren kalitatea eta pintxoa egiterakoan izan duten sormena neurtu du eta balorazio horretatik Beltza tabernako lana atera da irabazle.

Berarekin batera beste bi tabernak jaso dute saria. Sormenaren saria Unamuno Plazako Zazpikaleetako Garagardotegiak irabazi du. Nerea izan da pintxo honen sukaldaria eta koilaratxoarekin jateko pintxoa sortu du. Idiazabalgo krema, urdaiazpiko kurruskariarekin, Idiazabalgo kroketatxoarekin eta mahaspasekin egindako tosta batekin estalitako pintxoa egin du. 

Azkenik publikoaren saria Bilbo Zaharra Batzokia jaso du. Sari hau bezeroek papeleta batzuen bidez erabaki dute. Beraz jendearen gustukoena izan da. Adrian, Batzokiko sukaldariak pintxo bero bat egin du. Kristalezko ogi bat erabili du, Idiazabal kremazko orburu gratinatuarekin, irasagar coulis batekin, saltsa gazi-gozoarekin, albaka pestoarekin eta intxaur zatituekin.