Solokoetxeko igogailuaren itxiera salatzeko kontzentratu dira auzoko bizilagunak

uriola.eus 2022ko eka. 28a, 10:05

Aldez aurretik jakinarazi gabe, Solokoetxeko igogailua itxi eta udalak Erronda kalean beste bat egiteko proiektua aurkeztu zuen egun berean. Lanek iraungo duten 11 hilabeteetan, auzokideak zerbitzu gabe geratuko direla salatu du Solokoetxe Irisgarria plataformak.

Solokoetxerako irisgarritasun-irtenbideak eskatzeko kontzentrazioa egin dute auzoko bizilagunek Zumarraga plazan, Solokoetxe Irisgarria plataformak deituta. Auzoa Zazpi Kaleekin lotzen duen igogailua itxi dute, eta udalak Erronda kalean eraikiko duen igogailua prest egon arte jarritako anezka "ez da irtenbidea, adabakia baizik"; horixe salatu du plataformak. "Bilboko Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarrizketa-bide bat irekitzea eskatzen dugu, gure eskaerei eta beharrei erantzun diezaieten", azaldu dute komunikatu baten bitartez.

1935ean inauguratu zen Iturribide kalean Emiliano Amannek diseinatutako igogailua. Zerbitzu publiko honek 87 urtez lotu ditu Solokoetxeko auzo garaia eta Alde Zaharra, joan den astean itxi zen arte. Bizilagunek ekainaren 17an, ostiralean, jaso zuten berria prentsaren bitartez. Itxieraren aurrean, adin eta gizarte-eremu guztietako ehun bat lagun batu ziren ekainaren 20an egindako batzar irekian.

Solokoetxe Irisgarriak azaldu duenaren arabera, igogailuko langileei ez zitzaien itxieraren berri eman eta udalak igogailua itxiko zela ez zekiela azaldu zuen. Hala ere, egun berean Erronda kalean igogailu bat jartzeko proiektua aurkeztu zuen. Obra berri horrek 1.875.751,93 euroko gastua ekarriko du, eta 11 hilabete inguru iraungo luke, oraindik lizitatu ez den arren. Denbora guzti horretan zerbitzurik gabe geratuko direla salatu du plataformak. 

Alternatiba gisa, Unamunotik Solokoetxera doan (eta alderantziz) eta 30 minutuko maiztasuna izango duen Bilbobusen anezka bat jarri du martxan udalak. Gainera, zerbitzuak 30 zentimoko kostua izango du, eta eskuz ordaindu behar da. "Ez dugu ulertzen zergatik ordaintzen den dirutan, eta uste dugu zerbitzu hau doakoa izan beharko litzatekela. Gainera, garraioaren iraupen-denborari dagokionez, atzerapausoa da auzoko mugikortasunarentzat" salatu du plataformak.

Sinadurak bildu zituzten agerraldira batu ziren auzokideen artean 

Igogailuaren egoera txarra

Igogailuaren enpresa emakidunak zerbitzua ustiatzeak zekarren defizit ekonomikoa jakinarazi zion Eusko Jaurlaritzari, eta hura ixtea eskatu zuen. Igogailuak hamarkada bat baino gehiago darama arazoekin, eta Solokoetxe Irisgarria plataformak jakinarazi duen moduan, 2021eko irailaz geroztik igogailuak funtzionamenduan aritu dira Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren berrikuspenak pasatu gabe.

"Gure ustez, Ascensores Solocoeche SA enpresak ez du inbertsiorik egin hura mantentzeko, eta, beraz, ez du bete indarrean dagoen legeria", salatu du du plataformak. Igogailu berriaren lanek irauten duten bitartean igogailu zaharra martxan jartzea eskatu dute, legeak ezarritako segurtasun-neurri guztiak beteta.

Alternatiba gisa jarritako autobusa adinekoentzat, mugikortasun urriko pertsonentzat edo gurditxoak daramatzaten familientzat egokia ez dela azaldu dute plataformatik, eta Eusko Jaurlaritzari eta udalari gogorarazi diote Larrinaga, Sorkunde, Solokoetxe edo Zabalbideko eremuek "irisgarritasun-irtenbideak" behar dituztela.

EH Bilduren proposamena 

EH Bilduk presazko proposamena egin dio Bilboko udalbatzari igogailuaren itxieraren inguruan, eta bi eskaera egin ditu. Alde batetik, Solokoetxeko igogailuaren enpresa emakidunari "zerbitzua berehala berrezartzeko exijitu diezaiola", zerbitzuaren martxa ona ziurtatzeko beharrezkoak diren polizia-ahalmenak mantenduz.

Beste aldetik, emakidunak aurrekoa ez badu onartzen, Eusko Jaurlaritzak "zerbitzua bahitzeko edo esku hartzeko prozedura zabal dezala" eskatu du EH Bilduk, Solokoetxeko igogailua zuzenean ustiatzeari ekiteko, horretarako "emakidadunaren elementu eta langile berberak erabiliz".

Alderdi subiranistaren esanetan, igogailua "beharrezko zerbitzu publikoa da" Solokoetxeko bizilagunen eta institutura, osasun zentrora eta musika eskolara joaten diren pertsonen mugikortasuna bermatzeko. Bizilagunen mugikortasuna bermatzen duen zerbitzua ixteko "ez dago inolako justifikaziorik", alderdiaren esanetan. Bestalde, udalak proposatutako beste aukerak "ez ditu asetzen erabiltzaileen beharrak" alderdiak kritikatu duen moduan.