Bira aste honetan jarriko da berriz martxan

uriola.eus 2022ko ira. 12a, 14:25

Asteazkenean hasiko da Erronda kaleko kultur gunearen 2022-2023 denboraldia. Naturaleza Suprema rap talde kolonbiarra izango da iraileko lehena, La Basurekin batera. Guztira zortzi ekintza egingo dituzte hilabete honetan zehar, eta ohiko swing, saltsa eta seisiún saioei hasiera emango diete.

Ikasturtearen hasierarekin batera, Bira kultur gunearen jarduera bueltan da irailaren 14tik aurrera. Erronda kaleko lokalak zortzi hitzordu prestatu ditu hilabetearen bigarren hamabostaldirako. Normalki baino laburragoa izango den arren, egitarau zabala edukiko du kultur guneak, eta ohikoak diren saioei hasiera emango die.

Lucia Vargas eta Karen Tovar kolonbiarrek osatzen duten Naturaleza Suprema rap taldeak estreinatuko du ikasturtea. Europako biran daude momentu honetan, eta Bilbotik pasatuko dira La Basurekin batera. Irailaren 14an izango da, asteazkenean. 19:00etan solasaldia egingo da eta kontzertuak 20:00etan izango dira. Sarrerek 6 euro balioko dute.

Hurrengo egunean, irailaren 15ean, June Fernandezek gidatzen duen Urdin Elektrikoa saioa bueltatuko da 19:00etan. Alaine Agirre idazle bermeotarra izango da gonbidatua sorkuntzaz eta feminismotik aritzeko. Sarrera librea izango da. Aste berean, ostiralean, hilak 16, 19:00etan, Katixa Agirrek Berriz zentauro eleberria aurkeztuko du. Etorkizun hurbilean girotuta, errealitate birtualaren eskutik, feminismoa, harremanak edota iraganarekin dugun lotura aztertzen ditu idazle gasteiztarrak. Dj Oh là là, irakurketak eta hainbat sorpresa egongo dira.

Hurrengo astean, berriz, hilabetero egiten diren saioak bueltatuko dira. Astelehenean, irailaren 19an, 20:30ean, CEOL kolektiboak folk-musikako jam-saioa emango du. Asteburuan, larunbatean goizez Swing saioa egongo da Biran, Klandestinoa Swing Side Bilbao elkartearekin, 12:30etik-15:00etara. Ordu berean igandean, irailaren 25ean, saltsa saioa egingo da Salsorayaren eskutik. Hilabeteko jarduera irailaren 27an amaituko da Masta Quba rap eta hip-hop abeslari eta ekintzailearekin.