Ekologiaren bueltan hausnartzeko jardunaldiak Malatesta Kultur Lubakian

uriola.eus 2022ko urr. 3a, 13:21

Somera kaleko lokalean hainbat hitzordu egongo dira aste honetan zehar, eta permakulturari, elikadura subirautzari zein ekologismo integralari buruz jardungo dute horietan.

Urriaren 5etik 8ra arte aurrera eramango duten egitarauaren bidez, “Malatesta Kultur Lubakiak ikuspegi ekologiko eta integral batetik hainbat alderdi jorratu nahi izan ditu, gaur egun kontsumoari eta ingurumenari buruz egiten ari diren hausnarketetan ekarpen xume bat egiteko”, azaldu dute antolatzaileek. Berpiztu permakultura proiektua eta Kidekoop kontsumo kooperatiba bezalako egitasmoak hobeto ezagutzeko aukera egongo da, eta ekologismo integralari buruzko liburua aurkeztuko du Pedro A. Morenok.

Lehenengo ekintza urriaren 5ean izango da, asteazkena, 19:30ean. Berpiztuko ordezkari diren Patricia Rapson eta Kepa Añibarro arituko dira hizlari lanetan. Nekazaritzan jarduteko eredu zehatz bat da permakultura edo nekazaritza kultura iraunkorra, eta hiru ardatz nagusi ditu oinarrian: lurraren zaintza, pertsonen zaintza eta bidezko banaketa.

Hurrengo egunean, hilak 6, Kidekoop kooperatibako Leok Bilbo Zaharrean kokatuta dagoen egitasmo horren berri emango die bertaratuei (19:30ean), eta elikadura zein kontsumo burujabetzaren gaiari helduko dio.

Azkenik, Pedro A. Morenok Nuevas Institucionalidades. La apuesta organizativa del Ecologismo Integral liburua aurkeztuko du larunbat eguerdian (12:00), hilak 8. “Gure ekosistemak ez kolapsatzeko, langileen bizitza duintzeko eta herrietako kultura babesteko ezkerrari gero eta tarte gutxiago geratzen zaiola azpimarratu nahi du”, antolatzaileen esanetan.