Gaur bueltatuko dira lanpostuetara Superberriak-eko langileak

uriola.eus 2022ko urr. 20a, 15:55

Greba mugagabeari esker lan-erregulazioko espedientea gelditzea lortu zuten eta Alde Zaharreko denda irekiko da berriz DISU Bizkaia enpresaren esku. BM Urban izango dira dendak eta plantillaren %100 subrogatu eta mantenduko da.

Irailaren 16an Superberriak-eko langileek greba mugagabeari ekin zioten, enpresak 70 langile lanposturik gabe utziko zuen EEEa aktibatu zuelako. Lau egun geroago eta dendak egun horietan itxita egon ostean, atzerapauso bat eman zuen enpresak eta kaleratze plana bertan behera utzi zuen. Urriaren 15ean enpresaren salerosketa gauzatu zen Superberriak eta UVESCO taldearen negoziazioen ostean eta hainbat gai egokitu ostean gaur bueltatuko dira lanera. 

LAB-ek, borroka zuzendutako sindikatuak, lorpena ospatu du eta eskerrak eman dizkie denbora honetan greba babestu duten guztiei. Denden berrirekitzea, plantillaren %100 subrogatu eta mantenduta egingo da. Bizkaiko denden plantilla, Alde Zaharrekoa kasu honetan, DISU Bizkaian sartuko da. Bakoitzak paktu eta herrialde-hitzarmen sektorialarekin sartuko da eta apurka-apurka lan-baldintza berrietara, ordutegietara, funtzioetara edo antolaketara ezberdinetara moldatuko dira.

Lorpenarekin batera, urte hauetako kudeaketa aztertu nahi izan du LAB-ek eta Superberriak-en zuzendaritza kritikatu du: "Argi geratu da Superberriak-eko zuzendaritzak ez duela konpromisorik eta errespeturik izan bere langileekin. Gezurretan eta manipulatzen ibili dira, eta langileak eta bezeroak engainatzen saiatu dira, baita 70 langile baino gehiagoren lanpostuak arriskuan jarriz ere".

Hiru urtetan langileen eskubideen aldarrikapenekin, enpresaren lehengo zuzendaritzak jarrera "guztiz autoritarioa" eta "errespetugabea" erabili duela salatu dute. Jabe eta bazkideek prekaritatea baliatuz eta oinarrizko eskubideak errespetatu gabe 25 urtez poltsikoak bete dituztela kritikatu eta pertsona "non grata" izendatzea eskatu dute.