Vox alderdi ultra eskuindarrak bihar Bilbon egingo duen mitinaren aurrean antolatzeko eta herritarren desadostasuna erakusteko deialdia egin du Sare Antifaxistak. 11:30etatik 14:00etara egongo dira San Nikolaseko metroaren irteeran, eta 12.00etan egingo dute mitina.
Ekitaldi polemikoak
Azken urteetan hainbatetan etorri da eskuin muturreko alderdia Bilbora mitinak edo hitzaldiak ematera, eta herritarrek beti agertu dute haien gaitzespena. 2019an bi hitzaldi egin zituzten Euskalduna jauregian; bat apirilean eta bestea urrian. Bietan manifestazio jendetsuak egin ziren, baina bi kasuetan Ertzaintzak polizia dispositibo handi bat prestatu zuen eta herritarren aurka oldartu zen. Lehenengoan bost atxilotu eta bigarrenean 18 izan ziren guztira.
Hurrengo urtean, 2020ko ekainaren 19an, Vox San Frantziskora joan zen. Sare Antifaxistak erabaki hori "probokazio hutsa" zela azpimarratu zuen eta herritarrak beste behin ere hitzaldiari boikota egiteko antolatu ziren. Niko Gutierrez eta Ortega Smith egon ziren ekitaldian, eta txistu, oihu eta lapiko hots artean egin behar izan zuten mitina. Hala ere, aurreko urtean gertatu zen bezala, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak polizia dispositibo handia hedatu zuen eta herritarrak mitinetik aldenduarazi eta haien kontra oldartu ziren.
Hurrengo hilabetean, uztailean, hilaren 12an egingo ziren hauteskundeen harira, Areatzan beste ekitaldi bat egin zuten, baina oraingo honetan Ertzaintzaren polizia dispositibo zabal-zabalak antifaxistak aldentzea lortu zituen.