Aste politiko kulturala egingo du 7Katu gaztetxeak azaroaren 14tik 18ra

uriola.eus 2022ko aza. 11a, 10:00

Bost eguneko egitaraua prestatu du gaztetxeak orotariko hitzaldiekin. Gaur egungo testuingurua ulertu eta horren inguruan hausnartzeko denetariko gaiak jorratuko dira. Trantsizio ekologikoa, LGTB gaiak, edo bizitzaren garestitzea landuko dira besteak beste. 19etan izango dira. 

Hurrengo astean 7katu gaztetxean, Aste politiko kulturalaren txanda izango da. Bost egunetan zehar orotariko gaiak jorratuko dira eta hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak egongo dira. Hitzaldiak bederatzietan izango dira, astelehen, astearte eta asteazkenean. Antzerkia eta Jam Session egongo dira ostegun eta ostiralean hurrenez hurren.

Lehenengo saioa, trantsizio ekologikoaren erronkei buruz izango da. Iñaki Barcena (ekologistak martxaneko kidea), Alvaro Campos (ikertzailea), Sukar Horia eta Goiener egongo dira. Gaur egungo eredu energetikoa eta honen aurreko alternatiben inguruan jardungo dira. Asteartea, OZEN kolektiboak emango du hitzaldia. LGTB kolektiboaren antolakuntza, eta trans erresistentzia perspektiba transfeminista, antirrazista eta klasekoa landuko dute. 

Hirugarren egunean, azaroaren 16an, bizitzaren garestitzearen zergatiak eta ondorioak jorratuko dira. Energia krisia eta ekonomiaren finantzaketa krisia, inflazioa, errenta akordioa edo Next generation funtsak landuko dira besteak beste. Gaiari heltzeko, Roser Espelt (ekonomialari marxista), Gorka Martija (OMAL ikerketa taldeko kidea) eta Andrea Bartolo (Azet-eko kidea) egongo dira gaztetxean. 

Hitzaldien ostean, ostegunean, 19:30ean antzerkia egongo da. Ane Zabala eta Galder Perezek, ETAren bulego agiria antzeztuko dute. Azkenengo saioa, ostiralean izango da. Azaroaren 18an, Jam session irekia antolatu dute. Bertaratzen dena, besteekin musika sortu eta askotariko instrumentuak nahasi ahalko dituzte. 20:00etatik aurrera izango da.