Ekainean utzi zion erabilgarri egoteari Solokoetxeko igogailu historikoak, eta udalak berehala eman zuen proiektu berriaren berri: Erronda kaleko eskaileren alboan igogailu bi jartzea, 7 Kaleak eta Solokoetxeko institutua banatzen dituen tartea gainditzeko. Bada, albiste horren harira sortu zen Solokoetxe Irisgarria plataforma, igogailu zaharra publiko eta doako bihurtu eta berrirekitzeko eskatzen duena eta udalaren proiektua begi onez ikusten ez duena. 7 Katuko kideek ere ikuspegi hori partekatzen dute, eta elkarlanean dihardute plataformarekin. Horren guztiaren berri eman dio Alazne Varonak Bilboko Uriolari.
Duela egun batzuk hasi ziren obretarako hesiak jartzen. Nola izan zenuten horren berri?
Uda aurretik iritsi zitzaigun berria, baina ez udalaren bitartez; hau da, zuzenean guri ez digute ezer ere esan, ez gaztetxe bezala, ezta auzokide bezala ere. Gainera, jakin dugu prozedura bera ere ezkutuan egin zutela. Lizitazioa ematean den-dena aurreratu zuten, guztia arin egin eta uda amaiera aldean obrekin hasteko, nahiz eta normalean halako gauzek denbora gehiago behar izaten duten. Beraz, Solokoetxe Irisgarria plataformarekin berba egin genuen, baita udaletxean lan egiten duen jendearekin ere, eta halaxe jakin genuen berez irailean hasiko zirela, gero urrian izango zen… azaroan hasi dira azkenean. Zain geunden, eta egun batetik bestera hasi ziren hesiak jartzen.
"Udalak zuzenean ez digu ezer esan, ez gaztetxe bezala, ezta auzokide bezala ere"
Solokoetxe Irisgarriak salatu duenez, auzokideei baino, turismoari begirako igogailuak izango dira orain egiten ari direnak.
Egia da. Eta ez du auzokideen irisgarritasuna bermatzen, hasteko, hiru geraleku izango dituztelako. Ia bi milioi euro xahutuko dituzte, eta hemen dagoen gune berdea suntsituko dute, nahiz eta igogailu zaharraren azpiegitura hor eduki. Hala ere, beste bat muntatu nahi dute beste toki batean. Horrez gain, goraino iristeko, lehenengo igogailu bat erabili behar da, pasarela gurutzatu, beste igogailu bat igo eta beste pasarela bat gurutzatu. Hau da, 15 minutu beharko dira 5 minututan egin ahalko litzatekeena egiteko. Beraz, gure ustez ere batez ere turistei zuzendutako igogailua da; ikusi besterik ez dago, begiraleku guztiz gardena izango du, turistek alde zaharreko ikuspegiari begiratzeko.
Orain arte ere igarri duzue turista asko igarotzen direla eskaileretatik?
Bai. Azken bost urteetan Alde Zaharrean gertatu den turistifikazioaren igoera sekulakoa izan da. Free Tour-ak nonahi dabiltza Zazpi Kaleetan, eta ikusten da udalaren proiektuak ere horretara bideratuta daudela. Hau da, ez doaz auzokideon beharrak asetzera, baizik eta postaletako Bilbo hori irudikatzera.
7 Katuren kasuan, atean bertan izango duzue bi igogailuen arteko geralekua. Zertan eragingo dizue horrek?
Nahiko kuriosoa iruditzen zaigu, eta uste dugu nolabait ere arriskuan jartzen duela gure jarduna. Udaletxearekin ez dugu harremanik, eta egia esan ez dauka inolako zentzurik geraleku bat edukitzea hemen, plazan, ez baitago beste ataririk, gaztetxeko sarrera soilik. Honen atzean zer dagoen jakin nahiko genuke. Ez dakit lokalaren balioaren gorakada izango ote den, edo beste proiekturen bat daukatela… susmagarria iruditzen zaigu.
"Batez ere turistei zuzendutako igogailua da"
Ortua daukazue bertan. Arriskuan dago?
Bai, jada galdu dugu. Horixe da guk egiten dugun beste salaketetako bat. Alde Zaharrak ez dauka gune berderik; izatekotan, Areatzako, eta beste bat izango litzateke hau, eskailera hauek. Ortuaz gain, inguruak baditu bere zuhaitzak eta abar, eta suntsitu egingo dituzte. Hiriko orturik ere ez dago Bilbon, orokorrean, eta hemengoa 7 katuko proiektu bat da. Lana izan da martxan jarri eta mantentzea, eta egun batetik bestera suntsituko dute.
Obrek eurek urtebete iraungo dute. Tarte horretan eragozpenik ekarriko diote gaztetxearen funtzionamenduari?
Bai. Hor sartzen dugu bai auzokideon jarduna, baita gaztetxearena ere. Obra bera, zarata, luzapena… horrek denak guztiz baldintzatuko du Solokoetxeko zein Alde Zaharreko auzokideon bizitza. Hasteko, bapatean eskaileretatik igarotzeko bidea asko estutu delako. Bestalde, gure gaztetxea estalita dago hesi hauekin, eta jada ez da horren ikusgarria 7 katu bera; horrek ere badakartza ondorioak. Egia da saiatuko garela ahalik eta ikusgarrien mantentzen eta ez diogula utziko hemen gauzak egiteari. Horrez gain, hemen zerbait antolatzen badugu, jada ez daukagu plazarik kanpoaldean, eta igotzeko eta jaisteko zailtasunak daude. Badaude egun batzuk nahiko potenteak direnak eta ilarak egiten direnak. Zer egingo dugu horrekin? Izan ere, segurtasun kontua ere bada. Kontrolatu ezin ditugun pilaketa batzuk egon daitezke.
Kamerak egongo dira, eta kontrol sozialera bideratuta dagoela salatu duzue. Era berean, puntu ilunak sortuko omen ditu.
Bai. 7 Katutik eta, oro har, herri mugimendutik, badaramagu denbora bat horixe salatzen, Alde Zaharrean aurrera eramaten den kontrol sozialaren areagotzea. Poliziaz eta kameraz inguratuta gaude, aitzakia gisa kamerok matrikulen zenbakia hartzeko direla edo dena delakoa esaten duten arren. Horrez gain, kontuan hartuta hiru geraleku izango dituela, eta horietako bakoitzeko bi kamera jarriko dituztela, gutxienez sei kamera gehiago izango genituzke. Gainera, geralekuetako bat plazan egongo denez, kamera bat izango dugu guk egiten duguna une-oro enfokatzen. Bestalde, udalak esaten zuen beste igogailuak gune inseguru batzuk sortzen zituela, emakumeentzat arriskua ekar zezaketeenak, edo lapurretetarako, edo dena delakoa. Gure ustez, horrelako igogailu batek are gehiago izango ditu. Hau da, hiru geraleku ditu, eta pentsa goizeko ez-dakit-zein ordutan 50 metro egin beharko dituztela auzokideek pasarelan, non ez den inor egongo eta ilun egongo den. Guk uste duguna da biak ekarriko dituela, bai kontrol soziala, baita puntu inseguruak ere.
"Kamera bat izango dugu guk egiten duguna une-oro enfokatzen"
Solokoetxe Irisgarria plataformarekin harremanetan egon zarete, ez da hala? Zer ekarri du harreman horrek?
Lehenik eta behin, guztiz bat egiten dugu plataformak egiten duen aldarrikapenarekin.Guretzako, irtenbide bakarra igogailu zaharra berritu eta berrirekitzea da. Hasieratik egon gara harremanetan haiekin, besteak beste, agian batzuetan bazutelako guk ez geneukan informazioa. Hitzaldiak eta abar ere egin ditugu, eta beti egon gara beraiekin kontzentrazio eta asanblada irekietan. Elkarlan horrekin jarraitzea da gure ideia. Azken finean, udalak egin duena da auzoa erabat bazter utzi, eta, gainera, jarri duten irtenbidea zorakeria bat da. Jarri dute autobus bat ez dituena bermatzen auzokide askok dituzten beharrizanak eta, gainera, ez duena funtzionatzen igogailurako erabiltzen ziren bonoekin; beraz, auzokideek dirua ere galdu dute.
Plataformatik ere asko salatu izan da informazio falta eta udalaren utzikeria.
Plataforma udalarekin harremanetan jarri nahi izan denean galdetzeko ea zer gertatzen den, ez da egon inolako prestutasunik hitz egiteko. Gainera, haien jarrera, nolabait ere, “ez kexatu, gainera hau jarriko dugu eta”, esatea izan da. Auzokideok ez genuen halakorik eskatzen, baizik eta betiko igogailua berritzea, doakoa izatea eta irisgarritasuna behar bezala bermatzea. Orain muntatuko dutena ia bi milioi euroko munstroa izango da. Pentsa zer egin daitekeen diru horrekin. Gure ustez, sekulako utzikeria erakutsi dute, beren kabuz egin duten zerbait izan da, guztiz.
Etorkizunera begira arriskuan ikusten duzue 7 katu?
Bai. Alde batetik, oraingo jarduna baldintzatzen du, baina bestetik, etorkizunekoa ere baldintzatuko du. Ez dugu uste udalak 7 katuko jendea laguntzeko zerbait egin duenik; izan ere, hemen aurrean geraleku bat izatea ez da gure mesedetan, ez da zerbait igo behar izan ezkero hori errazteko. Gure ustez, atzean espazio honen errebalorizazioa dago. Beren hiri ereduaren mesedetan, espazio hau giltzarritzat joko dute ziurrenik.