Bilboko Zazpi Kaleetan AEKren hainbat zerbitzu, Lizardi euskaltegia eta Kalderapeko kulturgunea biltzen dituen eraikinaren 25. urtemuga ospatuko da abenduaren 15ean, Txakur kaleko 1. atariko egoitzan. Urteurren lagunartean ospatzeaz gain, elkarteak Bilbon izan behar duten erreferentzia eta ikusgarritasuna azpimarratzeko aprobetxatuko dute eguna.
Bada, egitarau ederra prestatu dute horretarako:
18:00 Dj Elepunto
18:30 Txupina eta balkoi-bertsoak
19:00 Topa eta mokaua. Jarraian, Dj Elepunto 21:00ak arte
Lizardi euskaltegiak 40 urte
Antolatzaileek azaldu dutenez, jai honek 2023an zehar Kalderapeko kulturgunean eskainiko diren hainbat kultur ekitaldiren abiapuntua izan nahi du. "Hala, Bilboko eta Zazpi Kaleetako beste eragile batzuekin elkarreragina bilatuko da, Zazpi Kaleetako euskarazko kultur giroa suspertzeko", argitu dute. Izan ere, eraikinaren mende laurdenen ospakizunak amaitu eta berehala, Lizardi AEK euskaltegiaren 40. urteurrena ospatzeari ekingo diote, 2023an beteko baitu laugarren hamarkada.
Txakur kaleko 1. atariko eraikinak 1997ko irailean hartu zuen bizia, birmoldaketa oso baten ostean. Kalderapeko (taberna, jatetxea eta kulturgunea) beheko solairuan duelarik, Lizardi AEK euskaltegiko ikasgelak dira euskara ikasleen eta irakasleen topaleku lehen hiru solairuetan. Eta azken bietan, Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herriko AEKren bulegoak daude, Ahize-AEK, Praktikatu, AIZU! eta Euskaratu zerbitzuekin batera.